Euskal antolakudeen legez kanporatze uholdea
«Aurpegia ematen jarraituko dugu, baita apurtu behar badigute ere»
Gari MUJIKA | DONOSTIA
Amnistiaren aldeko mugimenduko kideen aurka Madrilek ezarritako zigorra, PSOEk Euskal Herriaren aurka diseinaturiko estrategia errepresiboaren soka berari jarraiki iritsi dela azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan libro ez, baina, behintzat, etxera itzultzeko aukera izan duten auzipetuek. Auzitegi Nazionalaren epaia «jauzi errepresiboa» dela ohartarazi dute, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak Euskal Herrian «estatu poliziala» ezarri duela salatu zuten.
Azken egunotako «ilegalizazio mozkorraldiak» baldintzatzen duen testuinguru politikoan arazo larriak ugariak direla nabarmendu zuten Madrilgo epaitegi bereziak zigortu berri dituen amnistiaren aldeko mugimenduko militanteek, betiere «mozkorraldia» bera baino, biharamuneko «ajea» are eta larriagoa izango dela ohartaraziz. Izan ere, Julen Larrinagak eta Josu Beaumontek aditzera eman zutenez, «aje» hori «herritar guztiok biziko baitugu, gatazkaren konponbidea are eta urrunago jartzen duelako».
EAE-ANV, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Askatasuna eta EHAK alderdi eta antolakunde politikoak legedi espainoletik at kokatu berri dituzte auzitegi espainolek, eta «erabakitzeko eskubidea» bera ere legez kanpo ezarri du Konstituzionalak. Egoera hau, Larrinagaren esanetan, «inolaz ere ez da kasualitatea, are gutxiago Euskal Herrian kasualitateak tokirik ez duenean».
Gakoa, Konstituzio espainola
Ordezkari bizkaitarren iritziz, «PSOEren Gobernuak aldez aurretik diseinaturik zeukan estrategiari erantzuten dio. Honek ez dio ez egiari, ez demokraziari erantzuten, baizik eta euren interes politikoei».
Madrilek Euskal Herrian daraman «inboluzio politiko eta demokratikoa» ulertzeko, baita egungo testuinguru politikoa ulertzeko ere, gakoa, PSEk eta PPk egindako adierazpenak argigarritzat jo zituen Larrinagak: «Konstituzioa (espainola) onartzen ez duena jarduera politikotik at gelditzen da».
Horrexegatik, «Euskal Herria delako proiektu politiko gisa kanpo utzi nahi dutena», egun aukera politiko guztiak defendagarri eta egingarri direla esatea «gezur hutsa» besterik ez dela nabarmendu zuen, eta «botere banaketa» Euskal Herrian ez dela existitzen agerikoa dela.
Botere judiziala, esaterako, botere politikoaren menpe dagoela bistakoa dela salatu zuten, horrek objektiboa izatetik urrun, eta, beraz, «Euskal Herriak bizi duen askatasun eta eskubideen murrizketan alderdi interesatua, aktiboa eta militantea» dela ondorioztatzen dute.
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiari helduz, beraien ustez, «kritika eta salaketa politikoa» da legez kanpo utzi duena Madrilgo auzitegi bereziak. Gertaerok gogor salatuz, Gaizka Larrinagak honelaxe azaldu zuen egoera: ««Esaten edo egiten duzuna ez zaidanez gustatzen, poliziak eta epaileak jaurtitzen ditut zure aurka». Hori da egiten dutena, eta horri estatu poliziala esaten zaio».
«Ondasunik gabeko txekea»
Hala ere, auzitegi espainolek «ilegalak garela esan arren», berretsi zutenez, orain arte bezala, aurrerantzean ere, «aurpegia ematen jarraituko dugu, baita apurtu behar badigute ere».
Izan ere, argi baitute Estatu espainolak beraiei ordainarazi nahi izan diena, orain arte Madrilek erabili dituen estrategia errepresibo guztien antzutasuna dela. Ez dispertsioak, ez guda zikinak ezta bestelako eraso guztiek ere ez baitute euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasuna geldiaraztea lortu, ezta independentziaren aldeko herritarrak makurraraztea ere.
Auzitegi Nazional espainolak Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren aurkako epaia kaleratu baino lehen auzipetuek adierazi zuten bezala, epaiak berak «errepresioari txeke zuria» eskaintzen dio, baina, argi adierazi nahi izan diote Madrili «txeke hori ondasunik gabekoa» izango dela, beraien aburuz, Euskal Herriak beti jakin izan baitu errepresioari aurre egiten.
Nolanahi ere, epaiak ezarri berri dituen «eskubide murrizketak» ikaragarriak dira. Izan ere, auzipetu batzuei zortzi urteko espetxe zigorra ezarri baitiete, euskal presoei, preso politikoen izaera aitortze hutsagatik.