Eragile ugarik babestu dituzte Jon Goio, Goieaskoetxea eta Etxezaharreta
Duela hamar egun Zigor Goieaskoetxeak, Jon Goiok eta Xarlo Etxezaharretak iragarri zuten ez ziotela Auzitegi Nazionalaren deialdiari erantzungo. Atzo Baionan, alderdi politiko, hautetsi eta gizarte eragile ugarik, atxikimendua adierazi eta babesa eman zieten.
Arantxa MANTEROLA |
Askotan ikusten ez den argazkia eskaini zuten, atzo Baionan, Askatasunak deitutako agerraldiko partehartzaileek. Izan ere, irailaren 9an Zigor Goieaskoetxeak, Jon Goiok eta Xarlo Etxezaharretak egindako elkartasun-deialdiari alderdi, sindikatu eta gizarte eragile andanak erantzun diote, hala nola, Batasuna, AB, EA, LCR, Autonomia Eraiki, LAB, Sud-Santé, Segi, Ideiak Zabaldu, Giza-Eskubideen Liga, Anaia Artea, CDDHPB (Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkartea), EHZ, Gatuzain argitaletxea, Herriarekin, Kubako Etxea eta Biarrizko Gau-eskola.
Horrez gain, 40 bat hautetsik eta Laurence Hardouin abokatuak ere babesa eman zieten Auzitegi Nazionalaren (AN) deiari uko egitea erabaki zuten hiru herritarrei. Madrilgo auzitegiak Goieaskoetxeari eta Goiori deitu zien EHAK ilegalizatzeko prozesuaren baitan eta, duela hilabete batzuk, Laurence Le Vert epaileak kontuak blokeatu zizkien, beste hainbat herritar eta elkarteri bezala. Duela egun batzuk haien aurkako euroagindu eskaera egin du ANk.
Xarlo Etxezaharreta, Hazparneko zinegotzi ohia; berriz, inputatuta dago Udalbiltzaren kontrako sumarioan eta komisarian aldizka aurkezteko betebeharrari ere uko egin dio.
Euroaginduei, ez
Babesa agertu dieten guztien izenean, Koko Abeberrik eta Battita Larzabalek adierazpen publiko bat irakurri zuten, hiru militanteen kontrako prozedura judizialak arbuiatuz eta geldiaraztea eskatuz. Halaber, Estatu frantsesari mezu zuzena igorri diote horrelako prozedurekin bat egin ez dezan eta eskatutako euroaginduak errefusa ditzan. Azkenik, «gizarteari, eta hautetsiei bereziki, neurri horien kontrako jarrera adierazi eta mobilizatzera» dei egiten diete.
Giza Eskubideen Ligak, ATTAC gizarte mugimenduak eta Biarrizko ikastolako Administrazio Kontseiluak -Goieaskoetxea ikastolako gurasoen taldeko kide da- egindako elkartasun-agirietan. Neurriak «onartezinak», «salbuespenezkoak» edota «demokraziaren kontrakoak» direla diote eta «berehala bertan behera uzteko» exijitzen dute.
Askatasuneko bozeramaileek besarkadarik beroena bidali zieten «aste honetan Madrilen kondenatu dituzten gure kide guztiei eta bereziki espetxeratu dituztenei».