GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Urdaibaik etxean bideratu nahi du hirugarren titulua

Bost puntuko aldea du Castrorekiko eta sailkapena ia erabakita utz dezake. Arkote, Laredo, Kaiku eta Meira, gorengo mailan arraun egiteko bi txartelen bila.

p039_f02_444x444.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Asteburu honetan Bermeon eta Portugaleten jokatuko diren bi estropadekin amaituko da aurtengo traineru denboraldia. Uda luze joan den arren oraindik gauza asko falta dira erabakitzeko eta ez da emoziorik faltako San Miguel Ligako azken bi jardunaldiotan.

Batetik, liga nork irabazten duen jakingo dugu. Urdaibaik bost puntuko aldea ateratzen dio Castrori (178 puntu lehenak, eta 173 bigarrenak) eta badirudi bermeotarrek hirugarren aldiz irabaziko dutela lehiaketa hori, bigarrenez jarraian. Bestetik, datorren urtean gorengo mailan arituko diren taldeen izena ere ezagutuko dugu. Arkote, Laredo, Kaiku eta Meira dira bi posturen bila nor baino nor arituko diren arraun elkarteak.

Aurreneko hitzordua gaur bertan helduko da, Bermeoko uretan, 17.00etan hasita. Itsaso zabalean jokatzen den estropada izaten da eta olatuak normalean trabeska jotzen du. Lehen txandan Arkote, Laredo, Kaiku eta Meira arituko dira erlojuaren kontra, banaka, minutu bateko aldearekin irtenda. Beste bi txandak parez pare jokatuko dituzte, lau luze eta hiru ziabogatara, ligako zortzi traineru onenek. Bigarren txandan Zumaia, Hondarribia, Pedreña eta Zarautz irtengo dira; hirugarrenean San Pedro, Orio, Castro eta Urdaibai.

Aurretik ziurtzat eman ezin bada ere, Urdaibai da liga irabazteko faborito nagusia. Bermeotarrek etxean egingo dute arraun, eta iaz bezala garaipena lortzen saiatuko dira, Kontxan nahi baino atzerago gelditu ostean. Iaz 19.50.17 izan zen egindako denbora eta hamaika segundo atera zizkioten bigarren izan zen Pedreñari. Castrok, aldiz, sailkapenari buelta eman nahi dio eta Portugaleteko estropada (bihar, 12.00etan) horretarako aukera ona izan liteke.

ARAZOAK LAREDON

Urte negargarria amaitzeko, Laredo kanporaketa jokatzeko beste traineru kantabriar baten bila ibili da azken egunotan. Ez dute lortu eta azkenean «La Pejinuca» irtengo da.

Joseba fernandez

Euskadi Irratiak jakinarazi zuenez, Joseba Fernandez Castroko arraunlariak ezezkoa eman dio San Pedro entrenatzeko eskaintzari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo