GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

harri jasotzea Errekor ahalegina

Sardon: «Irurako marka falta zait urtea biribiltzeko»

Urnietako kirolariak bihar egingo du saiakera Irurako pilotalekuan 100 kiloko bolarekin. Bost minutuko txanda bakarra izango du lanerako, eta lortuz gero, emakume batek inoiz egin ez duena erdietsiko luke.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Marijose Sardonek marka lortzeko ahalegina egingo du bihar Iruran, 18.30etik aurrera bertako pilotalekuan egingo den jaialdian. Urnietako kirolariak, 100 kiloko bola berdindu nahi du bizkarrean, eta horretarako bost minutuko txanda izango du. Erdiesten baldin badu, orain arte emakume batek inoiz plazan egin ez duena lortuko du.

«Ondo nago, entrenamendu onak egin ditut, eta igandeko probarako gogotsu nago», adierazi zuen Sardonek. «Urte gogorra izan da niretzat, lan asko izan baitut harri-jasotzen, eta bukatzeko gogoa ere badut, eta amaitzeko marka gauzatuko banu, sekulakoa izango litzateke niretzat», erantsi zuen.

Izan ere, urtea ez da makala izan urnietarrarentzat. 125 kiloko zilindroa bi aldiz jaso zuen apirilean, marka berria ezarriz. Hilabete beranduago, harri berarekin, berak zuen marka hobetu egin zuen eta hiru aldiz jaso zuen. Ekainaren 24an, berriz, hiru aldiz altxatu zuen 131 kiloko zilindroa eta abuztuan, Euskal Herriko txapela jantzi zuen.

«Niretzat urtea oso ona izan da, eta marka hau lortuko banu dena biribilduko nuke. Hasi nintzenean ez nuen espero aurten hau guztia lortzea, baina gustura nago egindakoarekin, baina orain biharkoa falta zait. Hori lortzen badut, sekulakoa izango da niretzat», aitortu zuen.

Marijosek garrantzi handia ematen dio egiten duen azken entrenamenduari, eta horrela primeran joan omen zaio: «Agian txorakeri bat izango da, baina egiten dudan azkeneko entrenamenduak garrantzi handia du niretzat. Oraingoan dena oso ongi joan da, eta horrek beti konfiantza ematen dizu», onartu zuen.

Bihar marka egiteko itxaropen osoa dauka: «Ongi nago, eta itxaropentsu noa. Jasoaldi pare bat egitea gustatuko litzaidake, baina bat lortzea ere ez da txarra», esan zuen.

Oraingoz, azkena

Biharkoa egindakoan, negura bitarte egingo duen azkeneko marka saiakera izango zela ere baieztatu zuen urnietarrak: «Oraingoz bai. Urte gogorra izan da. Apiriletik aurrera hilabetero izan dut zerbait garrantzitsua eta nekatuta nago. Biharkoa pasatzen denean, apur bat lasaitu nahi dut, eta negura bitarte ez dut beste ahaleginik egingo», esan zuen.

Izan ere, harriak jasotzea ez da Marijosek egiten duen jarduera bakarra. Judoan ere, punta-puntan dabil bere mailan, eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko txinga txapelketan ere parte hartu du, eta horrez gain, bere lana ere egin behar du.

Orain, biharko ahalegina dauka buruan, eta bolarekin aritu zen azkeneko aldian, sekulako marka egin zuen. Orain dela urtebete, bere herrian, sei aldiz jaso zuen 89 kiloko bola. Biharko bolak, ordea, 100 kilo izango ditu, baina zaleak oso itxaropentsu daude eta seguru daude ez duela hutsik egingo. Bihar Irurako pilotalekura joaten direnek, ordea, ez dute Sardon bakarrik ikusiko, aizkolarien jaialdia ere izango baita: Otaegi eta Txapartegi Mujikaren eta Lasaren aurka lehiatuko dira. Marijose Sardon aizkolarien saioaren tartean arituko da.

Nazabal da faboritoa Nafarroako kanporaketan

Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar 17.30etik aurrera Uharte Iruñean. Kanporaketaren ondoren, urriaren 5ean Etxarri Aranatzen jokatuko den finalean zein bost aizkolari arituko diren jakingo dugu. Hona hemen bihar parte hartuko dutenak: Nazabal, Lopez, Mindegia, Larretxea, Vicente, Barberena, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Rekondo eta Jaunarena. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oin biko bat moztu beharko ditu.

Kanporaketa irabazteko faboritoa Nazabal da, eta harekin batera, Larretxeak ere ez luke sailkatzeko arazorik izan behar. Beste hiru postuei dagokienez, lehia estua da, baina gauzak normal joanda, Mindegiak aurrera egin beharko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo