Egindakoari jarraipena emateko Avironek lau puntuak behar ditu
J.L. | DONOSTIA
Pasa den astean galdu arren, Avironek beste lau puntu irabazteko aukera ona izango du gaur arratsaldean Stade Montoisen aurka, Mont de Marsaneko taldea hartuko baitu talde zuri-urdinak Jean Dauguer zelaian 14.30ean.
Zuri-urdinek orain arte etxean jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, eta gaurkoan ere ezin dute hutsik egin. Euskaldunen eta Landeskoen arteko neurketak derbi kutsua izan ohi dute, eta Mont de Marsanekoek horrenbeste urte Bigarren Mailan pasa ostean, ahalegin guztiak egingo dituzte Euskal Herritik zerbait eramateko.
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan asteburu honetan hasiko da Liga. Pasa den astean Ampo Ordiziak aurreratutako partida jokatu bazuen ere, euskal taldeek igandean jokatuko dituzte lehen jardunaldiari dagozkionak.
Hasteko, gainera, euskal derbia izango da Anoetako estadio txikian, hantxe arituko baitira Pegamo Bera Bera eta Getxo Artea bihar, 12.00etan. Bi taldeak asko indartu dira, batez ere gipuzkoarrak, jokalari on asko ekarri baitituzte taldera.
Ampo Ordiziak ere oso itxura ona dauka. Itxura hori eman zuen, behintzat, pasa den igandean. Oraingoan, ordea, kanpora joango dira. Madrilen jokatuko dute, Pozuelon, bihar 12.30etatik aurrera Madrid taldearen aurka. Neurketa ez da erraza izango, baina gipuzkoarrek badute aukerarik.