Giza harremanak giltzarritzat hartu ditu Makhmalbaf-ek bere azken sorkuntzan
Samira Makhmalbaf zuzendari irandarrak aho zabalik utzi zituen Zinemaldiko ikusleak «Asbe du-pa» bere lan berriarekin. Gizakien arteko harreman hierarkikoak islatzen saiatu zela azaldu zuen prentsaurrekoan, baina zinema zaletu gehienei ez zitzaien bere mezua iritsi, eta iritzi kontrajarriak sortu zituen emanaldiaren amaieran. Asko gustura irten ziren proiekziotik, eta beste hainbestek haserrea erakutsi zuten zuzendariak eskaini zuen agerraldian.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Mina baten eztandagatik hankarik ez duen haur batek alde batetik bestera eramango duen «zaldi» bat nahi du. Etxean dirudunak dira, eta auzoko haur helduago bat hautatzen dute lan hori egiteko eguneko dolar baten truke. Bien arteko harremana, azkenean, erlazio ilun bat bilakatzen da, batak bestea benetako zaldi bat bezala tratatzen duen punturaino heltzen den arte. Tartean, irudi gogorrak ikusten dira, eta ikuslea sentipen indartsuen aurrean biluzaraztera behartzen du.
Filmak era askotako iritziak sortu zituen Zinemaldiko zaletu eta kritikoengan. Batzuek, bere aitak idatzitako gidoia goretsi zuten, eta besteek, filmak sentiarazi ziena gorrotoz eta haserrez helarazi zioten zuzendariari, emanaldiaren ondoren eskaini zuen agerraldian.
Giza harremanak
Samira Makhmalbaf lasai agertu zen kazetarien aldetik jaso zuen galdera zaparradaren aurrean. Bere hitzetan, «errealitatea» da filmean azaldu nahi duena. «Gobernuek eta Estatu totalitaristek gizakiak animalia bihurtzen dituzte baina, gizakiok, era berean, gure aldetik ere animalia bihurtzen gara», azaldu zuen.
Ildo beretik, «gizateriaren indarkeria» islatzea izan da bere helburu nagusia. «Ikusleak pantailara begiratzen duenean ispilu batean ikusiko du bere burua eta gizateriaren zati bat ere bai, gizateriaren indarkeriaren zati bat», nabarmendu zuen.
Horrela, batzuek begiak ixteko hautua egiten dute, «ez dute errealitatea ikusi nahi» eta horrek ematen dio beldurra, «gure artean existitzen den indarkeria ikusi nahi ez izatea».
Zineman eta telebistan ikusi ohi diren indarkeria irudi guztiak «gainditu» nahi du Makhmalbafek bere lanarekin, eta «gizabanakoaren arimaraino heldu».
Filmetik gehien erakartzen duena bere «sinbologia» da, «gizonak gizonarekin, gizonak gosearekin eta dena delakoarekin daukan harremana metamorfosian bilakatzen delako». Eta hori da, hain zuzen ere, berak hautatu duen sinbolismoa; bi protagonisten haur jokoen bitartez doa pixkanaka haietako bat zaldi bihurtzen.
«Apple» eta «The Blacboard» filmen zuzendariak honakoa esan zuen amaieran: «Sentitzen dut nire filmak zuengan harridura sortu izana, baina ni sortzailea naiz eta errealitatea islatu nahi dut. Nork sortzen ditu ditu minak? Nork sortzen ditu armak? Azken finean, denok gaude gai guztietan inplikatuta eta denok gara munduan gertatzen diren gauzen erantzule».