GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hego Euskal Herriko ikastolarik gazteenaren urtebetetzea ospatzen

Ikastolen sorrera Francoren garaiarekin lotu ohi dugu, edo diktadorea hil ondoko hamarkadarekin. Hala ere, Armentiako ikastola Autonomia Estatutua indarrean jarri eta Euskal Eskola Publikoaren Legea deritzonaren ostekoa dugu. Aurten 15 urte bete ditu.

p017_f01_140x096.jpg

Ruben PASCUAL

Esan ohi da urteen joan-etorriagatik gauza batzuk hondatu egiten direla. Badaude, halaber, beste batzuk, ardoa bezala, urteak pasa ahala hobetuz doazenak. Armentia ikastola horren eredu garbia da: 15 urte betetzen dituen honetan, inoiz baino sendoagoa den proiektua dela erakusten du.

Ikastolen sorreraren gainean hitz egiten denean, Francoren garaiak etorri ohi zaizkigu burura: 1960ko hamarkadan aurrera egiteko izan zituzten arazoak, Franco hil eta ondoko hamarkadako mugimendua eta garapena...

Baina badago beste ikastola bat testuinguru honetatik aparte jaio zena, eta bere ezaugarri propioak direla-eta aipamen berezi bat merezi duena: Gasteizeko Armentia ikastola, alegia.

Ikastolen sorrera ez zen batere erraza izan, Francok agintzen baitzuen garai hartan. Armentia ikastolaren sorrera, gerokoa izanagatik, ez zen opari bat izan. Orduan, PSE zegoen Lakuako Hezkuntza Sailean, Fernando Buesa haren buru zela.

Buesak berak adierazi zuenaren arabera, sortu berri zen ikastola hura «alegala» zen. Ikasleen gurasoei gutun bat igorri zien, seme-alaben ikasketak ez zirela homologatuak izango eta, beraz, baliorik gabekoak zirela azalduz.

Lehen urte horietan, 2-3 urtekoentzako eskolaratzea eta Batxilergo Bateratu Balioanizduna (BBB) ere eskaintzen zituzten. Hezkuntza Sailburuak ez zuenez kontzerturik eman nahi izan, BBB ikasketak eskaintzeari utzi behar izan zioten Armentiakoek.

Xabier Arrieta Goiri da gaur egun ikastolako lehendakaria eta, haren ustez, «hasierako zailtasunek, eta ondorengoek ere, proiektua suspertzeko balio izan dute».

Zentroak arrakasta izan du, eta hori ukaezina da. Izan ere, hasierako 50 ikasle zirenak, 740 dira gaur egun (urtebeteko haurretatik, DBH4ra artekoak), «eta gehiago ez, sartzen ez direlako». Ikastolako zuzendaritzak duen buruhausterik handiena, Arrietaren aburuz, «familia askori ezetz esan behar izatea da». Zentzu horretan, adierazi zuen «gure instalazioak zabaldu eta hobetzeko proiektuak mahai gainean ditugula».

Konpromisoari aurre egin

Ikastolaren hobekuntzari dagokionez, Armentiakoek esan zutenaren arabera, «administrazio ezberdinei kolaborazioa eskatzen diegu hezkuntzarekiko, herri honekiko eta euskararekiko daukagun konpromisoari aurre egin ahal izateko».

Gurasoengandik jasotako laguntza eta kolaborazioak ere garrantzi handia izan du Armentia ikastolaren historian. Arrietak azaldu zuenez, «garai horietan ikastolan ibili zirenek adore handia izan zuten aurrera egiteko, eta lagundu zutenak egoerak eskatzen zuen mailan izan ziren. Gaur arrazoi nahiko ditugu egindako lana eskertzeko eta betetako konpromisoarengatik harro egoteko».

Ikastolen kolektiboak ere lagundu zuen, Partaide eta Arabako ikastolen federazioaren bidez, Armentiako bidea eraikitzen. Ikastolako lehendakariak esan zuenez, beraien laguntza «erabakigarria» izan zen eta hura gabe, «ikastolak ezingo zuen aurrera egin».

Ospakizunak

Joan den ikasturtean zehar, hainbat ekitaldi egin zituzten urteurrena ospatzeko. Besteak beste, Armentiako basoan krosa eta BTT lasterketak, Koldo Zubizarretaren «Kenyatik BTTan» eta Jon Maiaren «Apaizac hobeto» hitzaldiak, pailazoak, antzerkiak...

Ospakizun honen harira, ikastolaren ibilbidea kontatzen duen liburu bat argitaratuko dutela iragarri dute Armentiakoek.

Urteurrenari amaiera biribila emateko, ekitaldi nagusia egingo dute bihar, Gasteizko Principal aretoan. «Ostiralekoa jai handia izango da», Xabier Arrietaren ustez, egitarau mardula eta orotarikoa antolatu baitute.

Ekitaldiari hasiera ematea Aiara Iturrioz Armentiako ikasle ohiari egokituko zaio, dantza eskolako kideekin batera.

Armentia ikastolako abesbatzaren kantaldiaren ondoren, bideo emanaldi batek ikastolaren 15 urteko ibilbideari egingo dio errepasoa. Emozioekin jarraitzeko, Jon Maia eta Kukai taldeak «Taupadak» lana taularatuko dute, betiko euskal dantzak eta ikus-entzuteko teknologia berriak uztartuko dituen emanaldi batean. Jarraian, «Klowklusioek» agurtuko dituzte bertaratutakoak.

Ikastolakoek azaldu dutenez, «ekitaldira datozenak ez dira damutuko» eta «aukera ederra izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko indarra har dezagun».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo