Laura Mintegi Idazlea
Gotzon, biziaren mina
Nafarroako hizkera erakutsi zenigun, bai eta hamaika euskal herritakoa ere, eta kaletarrok ikasi genuen nola mintzatzen den gure baserrietan. Nork esango zigun hainbeste atsotitz bil zitekeenik! Dozenaka mila bildu zenituen berrogei urtean.
Mintzatu garenean, esan didazu: «ai, Laura, hau da biziaren mina! Oso-osorik hartua nau minbiziak», eta zure ahotsa hari mehea zen, ahula.
Lehen hitzak, baina, besteen berri jakiteko izan dira, beti lez, kideak nola sentitzen diren jakiteko, honengatik edo hargatik zoriontzeko, besteek egindako lana txalotzeko. Beti eskuzabal, beti prestu lanerako. Eta une latzenetan ere, norberaren burua utzi bigarren mailako.
Baina oraingoan, Gotzon, indar falta sumatu dut, eta aupada eman nahi dizut, besarkada handia, birtuala bada ere. Txalotu nahi dut zure kemena, zure jarrera baikorra, alaia. Adierazi nahi dut zordun sentitzen naizela/garela zurekin, eta asko ikasi dugula zuregandik, batez ere gizatasuna, baina ez hori bakarrik.
Unibertsitate garaian hitz egin zenigun marxismoaz, Marxen eta Leninen irakasgaiaz, eta nola ulertzen zenuen etika marxista kristautasunetik begiratuta.
Irakasgaia berria zen garai haietan, pentsamendu biak kontrajarriak zirela pentsarazi nahi ziguten-eta. Zure eskutik jakin genuen Marxen ondoko errebisionismoaz, Rosa Luxembugez eta nazioaren kontzeptuaz, marxismoaren prismatik begiratuta.
Garai berean hasi ginen euskara irakasten, zeuk bultatu baikintuzun, gure ikaskideak euskalduntzeko martxan jarri berria zenuen Hizkuntza Eskolan. Eta ikasleak ginen bitartean, irakasle bihurtu gintuzun lehenengoz.
Ikasi dugu nola ekar zitekeen nobela beltzaren ekarpena euskal literaturara, eta eskutitzak irakurtzen hasi ginen Elizondotik etorriak, Goizuetako ezkongabeak nortzuk ziren ikasten genuen artean. New York Santurtzin kokatu zenigun, izurri berriaren arriskuak azaldu zenituenean; eta India harrigarria egin zitzaigun zure liburua irakurrita.
Nafarroako hizkera erakutsi zenigun, bai eta hamaika euskal herritakoa ere, eta kaletarrok ikasi genuen nola mintzatzen den gure baserrietan. Nork esango zigun hainbeste atsotitz bil zitekeenik! Dozenaka mila bildu zenituen berrogei urtean.
Begi bistan utzi zenigun zenbat erdarakada sartzen ditugun gure eguneroko hizkeran, nola zuzendu akatsak, ordezko jatorrak erabili, euskara aberastu eta ondoregoei pasarazi behar geniela.
Eta hori guztia irribarre gozoaz, begiak distiratsu, alde positiboa ikusiz, amore ez emateko aupada emanez.
Konfiantza eduki duzu proiektu berrietan, boteprontoan zoroak baziren ere, eta inguruko guztiak adoretu gaituzu une latzak bizi izan ditugunean. Elkarrekin egon ginen doktorego eskolak hartu genituen garaian Deustuko Unibertsitatean, eta elkarrekin egon ginen 1987an Euskal PEN sortu zen garaian. Jakin izan duzu konfiantza ematen gazteagoei, eta zuk sinistu duzu lehenen beraiengan, gazteagook gure buruan konfiantza handirik ez genuen unean.
Biziak mina ematen du, noski, biziaren mina ei da minbizia. Eta latza da, oso.
Latza da zu ikustea minbiziak harrapatuta. Maite zaitugulako, maite zaitudalako, horregatik eman nahi dizut orain aupada, zuk eman dizkiguzun aupada guztien ordain xumearen moduan.