GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHTren aurkako gaztearen auzia atzeratu da, ertzainak salatuz

AHTren aurkako ekimenetan parte hartzen duen gazte urretxuarrak bera atxilotu zuten ertzainen aurkako salaketa jarri du. Horregatik, atzeratu egin da beraren aurkako epaiketa. Epaitegi atarian hainbat lagun bildu zen, azpiegituraren aurkako ekintzen gaineko jazarpena azkenaldian areagotu egin dela salatuz. Agerraldian bi lagun identifikatu zituzten.

p016_f01.jpg

GARA |

«Agintearen aurka» egin izana egotzi ziotela-eta, Urretxuko gazte batek atzo epaitegian aurkeztu behar zuen, prozedura azkarreko epaiketa bati aurre egiteko. Goierriko AHTren aurkako mobilizazioetan parte hartzen duen gazteak atxilotu zuten ertzainen aurkako salaketa jarri zuen, ordea, eta epaiketa atzeratu egin da; prozedurak beste bide batetik jarraitu beharko du orain.

Urretxuko gaztea epaitegian zegoela, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek agerraldia egin zuten atarian. Beraiek eman zuten atxilo hartutako gazte haren testigantzaren berri.

Azaldu zutenez, astelehen goizaldean, 04.30 aldera, gaztea gidatzen zihoan, eta beste auto batek oso gertutik jarraitzen zuela ohartu zen. N-I errepidean Ordizia eta Zaldibiarako irteera hartu zuen, baina pabilioi batzuen inguruan, atzeko autoko kalez jantzitako ertzainek gelditzeko agindu zioten «oihuka». Abiadura mantsotu, eta bide bazterrean gelditu zen gaztea, baina aurrera egiteko eta enpresetako aparkalekuan gelditzeko agindu zioten. Ertzainen beste auto bat zegoen bertan, eta leihora gerturatu, eta gazteari mehatxuka hasi ziren.

Ibilgailuaren agiriak eskatu, eta horiek eskuratzen ari zela lehen kolpea eman ziotela esan zuen Urretxuko gazteak. «Eskuak autoaren gainean jarri eta oso modu txarrean katxeatxen» hasi zitzaizkiola salatu zuen, eta «barrabilak behin eta berriz ukitu» zizkiotela. Gazteak jarrera hori aurpegiratu zienean bera jipoitzen hasi zirela ere adierazi zuen.

Ertzainek hainbat isun jarri zioten, eta, gero, beste ibilgailu batean iritsi ziren agenteek esku-burdinekin lotu eta Beasaingo ertzain-etxera eraman zuten, «objektu pertsonal guztiak autoan utzita». Behin polizia-etxera helduta, mehatxuka jarraitu zuten. «Kartzelan amaituko duzu eta zure senideek AHTren bidez joango dira zu bisitatzera, izorratu zaitezten», eta gisakoak esan zizkiotela salatu zuen gazteak. Atxilotutako gaztea komisariatik anbulatoriora eraman behar izan zuten ertzainek, zauriak aztertzeko. Goizean geratu zen aske, 6.30ean, baina, epaitegian agertzeko deia bidali zioten, «agintearen aurka» egitea leporatuta.

Beasain eta Ordizian azpiegitura horren lanak abiatu zirenetik errepresioa gogortu egin dela salatu zuten atzo egindako agerraldian. Hala, mehatxuak, jarraipenak... jasan behar izan dituztela adierazi zuten. Duela egun batzuk gertatutakoak gainerakoak gainditu dituela salatu zuten.

«AHTren aurkako mobilizazioetan modu baketsuan parte hartzeagatik etengabe ari dira jendea atxilotzen, isunak jartzen...». Beraien hitzetan, salatu ez diren kasu gehiago ere izan dira. «Pertsona hauek AHTren aurkako desobedientzia-ekintza publikoetan parte hartu dute eta Ertzaintzaren erantzuna beldurra eragitea izan da, kriminalizazioa eta biolentzia erabiliz».

Gisa honetan ez dituztela isilaraziko ohartarazi zuten eta «AHTrik eta agintea dutenen gehiegikeriarik gabe» bizi nahi dutela nabarmendu zuten.

AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak agerraldia egiten ari ziren bitartean ere, salatu zutenez, kalez jantzitako polizia bi agertu, eta bertaratutako 40 lagunak eskuko telefonoen kameren bidez grabatzen hasi ziren. Mobilizazioan parte hartzen ari ziren gazteek grabatzeari uzteko eskatu zietenean, beste bi ertzain azaldu zirela bertan, eta bozeramaile gisara aritutako gazteak identifikatu nahi izan zituztela adierazi zuten. Nortzuk ziren ez zekitenez, beste gazteari nortasun agiriak eskatu zizkietela jakinarazi zuten AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek. Beraien esanetan, epaitegi aurrean atzo gertatutakoa «ez da kasualitatea», bolada honetan, jasaten ari diren «jazarpenaren adibide garbi bat» baino.

beldurra sartzea

«Pertsona hauek AHTren aurkako desobedientzia ekintza publikoetan parte hartu dute, eta Ertzaintzaren erantzuna beldurra eragitea izan da, kriminalizazioa eta biolentzia erabiliz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo