GARA > Idatzia > > Kultura

«3Dibertsotan», marrazkiak eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizuna gaur, Bilbon

GARA | BILBO

Zazpi kaleetako La Bolsa eraikinak bertso eta marrazkien nahasketan oinarritzen den ikuskizun bat erakutsiko du gaur arratsaldean, 19.00etatik aurrera. «3Dibertsotan» Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin batera antolatutako lana da.

Bi adierazpen mota uztartzen dituen ikuskizuna izanda, bi artista desberdinen isla da. Kasu honetan, Xabier Paya bertsolaria eta Igor Meñika marrazkilariak izan dira arduradunak. Bakoitzak bere lana beteta, Payak gidoia idatzi, eta Meñikak bat-batean sortuko ditu irudiak.

Bi gauza horien harira, hots, gidoia eta marrazkiak, bertsoak bota beharko dituzte gonbidatuek. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak hitzordu honetarako aukeratutakoak Eñaut Intxaurraga, Onintza Enbeita, Gorka Lazkano eta Jone Uriak dira. Lan bitxia egiten saiatuko dira 19.00etatik aurrera gai-jartzailearen lekuan marrazkilari bat izango baitute. Hortaz, publikoarentzat saio berezi bat ekarriko du «3Dibertsotan» ikuskizunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo