GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

«Pradolongo», lau belaunaldi elkartzeko ahalmena duen filma

Neska-mutilak galtza eroriekin, eta ondoan, igandeko jantziekin, herrixketatik jaitsitako baserritarrak. Aurrekontu txikiarekin, nekazari giroan eta galizieraz grabatutako Ignacio Vilarren filmak lau belaunaldi elkartu ditu zine aretoan, eta sari bat eskuratu du Donostian.

p045_f01_148x104.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Egun batean, Ignacio Vilar zuzendaria eta hiru aktore nagusiak, Ruben Rios, Tamara Canosa eta Roberto Porto, Ourenseko mendietan galdutako herrixka batera joan ziren. Larunbat gaua zen eta taberna batera sartu ziren. Herritarrak Real Madrilen eta Valentziaren arteko futbol partida ikusten ari ziren. Bukatu eta etxera afaltzera joateko altxatu zirenean, «Momentu bat, momentu bat!», eskatu zieten «Pradolongo» filmeko kideek, eta trailerra erakutsi zieten. Denak animatu omen ziren zinera, 60-70 urteko jendea ere bai, urte luzez joan gabe egon eta gero.

Zer du bada pelikula honek hainbeste ikusle bereganatzeko? Zuzendariaren ustez, amua istorioa da. Txikitako hiru lagunen harremanari buruzkoa da. Robertok Armandoren papera egiten du, Rubenek Martiñorena eta Tamarak Raquelena. Pradolongo mendi goietako landa bat da. Paisaia zoragarria da, aintzira txiki izoztu bat dauka, ur gardenekoa, eta 2.000 metroko mendi bat. Gazteek 18 urte betetzen dituztenean, bi mutilak neskari beste era batera begiratzen hasten dira eta laguntasuna amodio bihurtzen da. Gai ekologiko bat ere badago. Vilarrek azaldu duenez, Valdeorras Galiziako eskualde aberatsenetakoa da arbelaren industria dela-eta. Urre beltza ustiatzeko, natura hondatzen dute, ordea. Mendiak suntsitzen dituzte eta ehun urtetan ez da deus jaiotzen. Martiño herrixka batekoa da. Familia osoa bertan bizi izan da, baina orain hirira joan nahi dute denek, mutilak izan ezik. Antza denez, landa honek urre beltz ugari du, Armandoren aitaren arbel enpresarentzat interesgarria.

Filmaren arrakastaren bertze arrazoi bat egindako promozio kanpaina bizia izan daiteke. «Uste dut Europan ez dela halakorik egin. Ez genuen areto guztietan aldi berean estreinatu. Hiriz hiri joan ginen. Adibidez, egun batean Ourensen estreinatu genuen. Aurretik aktore nagusiak eta ni hiriko institutu guztietan izan ginen. Goizero bospasei institutu bisitatzen genituen, eta arratsaldez, bizilagunen elkarteak, etxeko-andreenak, jubilatuenak...», kontatu du zuzendariak. Galiziako txoko guztiak bisitatu ondotik Zinemaldian parte hartzeak eta, gainera, Donostia Film Comission saria jasotzeak ilusio handia egin die hiru aktore nagusiei. «Inurri txiki bat sentitzen naiz inurritegi handi batean, baina balio handia du», adierazi du Canosak. Portok harrituta dagoela eta etxera itzuli arte ez duela sinetsiko aitortu du pozez. Eta Riosek pelikula Estatuan eta Europan erreferente izanen dela uste duela erran du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo