Izarren hautsa, egun batean...
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait giûaden gu ernai...».aaaaaaaaaaa Zinemaldiak Donostiara ekarri dizkigun izar handiez gain, gure izartxoek ere, izan dute distira apur egiteko aukera. Hilaren 24ean ospatu zen Euskal Zinemaren eguna. Eta aurtengo edizioan Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako «Ama Lur» filmak jaso du Ibaia saria. Eta Amalur saria berriz, Marivi Bilbao aktore beteranoak eraman du bere ibilbide profesional oparoagatik.
«Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana egiûaz goaz aurrera kate horretan denok batera gogorki loturik gaude».
Egun honetan, sari hauek emateaz gain, urtean zehar egindako film luzeak ikusteko aukera izan genuen, eta baita, hainbat estreinaldi ere. Hala nola, Pavel Giroudek zuzendutako «Omertá», Gorka Merchanek zuzendutako «La casa de mi padre», Juan Miguel Gutierrezen «Motema na ngai» eta Idoia Sagartzazu aktorearen azken egunak azaltzen dituen Lurdes Bañuelosek zuzenduriko «Vivir con las botas puestas» filmak. Baina estreinaldi hauez gain, beste zazpi film luze ere eman izan genituen Informatiboa izeneko atalean. Film gehienak berria izan baziren ere, «Ama Lur» filma ikusteko aukera ere izan genuen. Eta arratsalde partean, film laburren emanaldia ere izan zen, iazko Kimuak sortako zortzi eta aurten sortutako beste bederatziak. Eta datorren urterako itxaropentsu agertu beharrean gaude, Euskal Herrian bost film egingo baitira, eta horietako bi euskara hutsean.
«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak...»
Baina pantaila handiko izarrak albo batera utzi eta agertoki xumeetara jauzi egingo dut. Euskal Herriko konpainia asko lanean ari baitira urriaren amaiera inguruan, beren lanak aurkeztu ahal izateko. Eta bien bitartean, bihar, adibidez, Oreretako Lobato aretoan, «Pepinos podridos (en la nevera)» antzezlana ikusteko aukera izango dugu. Javi Barandiaran aktoreak idatzi, zuzendu eta antzezten duen obra honek, umoretik abiatuta, bakardadea eta erotasunari buruzko hausnarketa egiten du. Zirkuitu komertzialetatik kanpoko antzerkiaren aldarrikapena eginez baita ere.
Donostiako izar handien aurtengo Zinemaldiak bihar emango ditu bere azkenak. Baina Euskal Herriko zinema gurekin geratuko da, baita euskal antzerkia ere. Eta itxaropentsu hasi den udazken honek, sukaldean prestatzen ari diren antzerki obra berrien itxaropena dakarkigu eta baita euskarazko filma berrien jaiotzaren itxaropena ere. Eta Xabier Leteren kantuak dioen bezala ... «beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak» geure bideari ekingo diogu.