GARA > Idatzia > > Kultura

Oinetakoak bizitzaren isla direla dio estreinatuko den «Zapatak»

Zapatak, oinetan jartzen dugun jantzia baino gehiago, esanahiez beteta daudela aldarrikatu nahi dute 2zapatos Teatro taldea osatzen duten Imanol Espinazok eta Charo Gallegok, hots, giza errealitatearen isla direla. Zizur Nagusiko kulturetxeak konpainiaren jaiotza biziko du gauean eta, bide batez, Irma Correarekin batera idatzitako haien lehen lana estreinatuko da.

p047_f01_199x96.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Edonork, zapata bat kalean aurkitzerakoan, hainbat hausnarketa egin ahal ditu: norena izan ote den, zertarako erabili izan zen edo zer lur ezagutu dituen. Hala, gutxienez, defendatzen du Imanol Espinazok, 2zapatos Teatro talde jaioberriko partaidea den Charo Gallegorekin bat eginez. Jantzi horren esanahia hainbesterako izan daitekeela uste du bikote honek, non estreinaldirako sortu duten lana hori bera baita, «Zapatak». Testua idazteko prozesua Irma Correarekin batera egin dute, beti ere H.G. Wellsen «Zapaten miseria» lana abiapuntutzat hartuta. Espinazok azaldu duenaren arabera, etxe baten behekaldean tailer bat zuen langile baten semearen istorioa azaltzen du Wellesek. Umeak hango leihotik jendearen zapatak begiratzen zituen eta haien bizitzak imajinatzen zituen. «Azkenean, zapatak giza errealitatearen isla dira», esan du Imanolek.

Oinetakoak abiapuntu, bost istorioen berri emango dute gaur gauean Zizur Nagusiko kultura-etxean. Sormen lanetan murgilduta zebiltzala, bost istorio horiek izanda argudio hari baten bila aritu ziren. Orduan, Charok eta Imanolek Iraken izandako atentatuen ondoren zapatak eskobatzen zituen tipo batez jabetu ziren. Ondorioz, zapata hondakindegi baten kokatu zuten ikuskizuna. Han lan egiten duten Dora eta Nicolas, aurkitzen dituzten oinetakoen idez bizirauten saiatzen dira. Zapata bakoitzak, ordea, izan zuen jabearen bizitza imajinatzeko aukera ematen die eta hemen sartzen dira ikuskizuna osatzen duten bost istorioak

Zerbait azaltzeko beharra

Charo eta Imanol beste konpainia batzuetan lan egin ondoren eurena sortzeko premia ikusi zuten. «Istorioa azaldu ahal izateko gaude antzerkiaren mundu honetan; eta kasu honetan barrutik irteten zaizuna kontatzen zaudenez, lanak ez du ahalegin handirik eskatzen», ziurtatu du Espinazok.

Zizurreko antzezpenaren ondoren, Euskal Herrian zehar mugitzen saiatuko dira 2zapatos Teatro taldekoak. Eta, ondoren, suertatzen den edonora eramango dute, Imanolek argi esan baitu, edonon egiteko moldatu dezaketela. «Gure helburua publikoari maila sozialak daudela eta horrek bere ondorioak dituela adieraztea da», azaldu du Imanolek. Eta bide horretan ahalik eta jende gehiagoren aurrean antzezten saiatuko dira. Pertsonek, zapatak bezala, prezio bat izaten jarraitzen dugula dioen antzezlan honen ondoren, beste istorio asko kontatzeko sortu da gaur Zizurren estreinakoz arituko den taldea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo