GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gatazka eta arazoak

Beharbada azken asteotako, ia azken egunotako gertakariak ez ziren beharrezkoak zenbait ondoriotara iristeko, baina gatazka politikoaren hainbat elementu hain elkarren hurbil agertu izanak ikuspegi osoagoa izateko aukera eman du.

Auzitegi Konstituzional espainolak Gasteizko Legebiltzarrean onartutako Kontsulta Legea debekatu zuen, areago, EAEko herritarrak (eta are gutxiago, beraz, Euskal Herrikoak) ez direla nor beren antolaerari buruz erabakitzeko argi eta garbi utzi zuen. Ezker abertzaleko alderdi politikoak eta bestelako erakundeak legez kanpo uzteko pauso gehiago eman eta kriminalizazio horren ondorioz haietako hainbat kideri kartzela-zigor gogorrak ezarri zieten Madrilgo tribunalek. Estatu frantsesak argiago utzi du bat egin duela espainolarekin euskaldunen kontrako errepresio berean. Horiek guztiek euskal independentismoaren kontrako estrategiaren baitako ofentsiba bortitz baten adierazle nabarmenak dira. Uste osoa dut kriminalizazio eta errepresio estrategia hori ez dela euskal independentismoa ezabatzeko egokiena, ez egokia -kalte handia eragiteko oso egokia bada ere-, Francoren erregimenaren errepresioak independentismoa ezabatu ez zuen bezala, baina hori beste baterako utzi beharko dugu.

Hiru atentatu ere izan dira egunotan, eta zenbait indar abertzalek arazo nagusia biolentzia dela esan dute berriro ere, alde batekoen biolentzia, alegia. Baina Auzitegi Konstituzionalak berak argi eta garbi utzi du ez dela hala: ETArekin zein ETArik gabe, Euskal Herriak ez du erabakitzeko eskubiderik, Konstituzio espainolak baizik. Eta hori hala izan dadin, Armada espainola da horren berme. Horra arazo nagusia. Bestea horren mendekoa da, eta konpontzen erraza, nagusia konponduta.

Arazoa handia ikusten dut, hala berean, oro har indar abertzaleen erantzunean. Erantzun faltan, alegia. EAJk ez dirudi oso kezkatuta, Kezka handiagoa du norekin eta Gobernu espainoleko alderdiarekin negoziatzea. Hirukoak, edo laukoak, nahikoa du sinadura bilketa bat. Eta Europan eta munduan salatzeko asmo duten debekuaren onarpen sutsua: Donostiako estropadetako manifestazioa debekatu eta jipoituz, Gasteizko Legebiltzarrak Armada espainoleko kide bati omenaldia eginez... Zilegi da hildakoak omentzea, jakina, baina zitala besteen hildakoak ohoratzeko debekua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo