GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Zaloa Ibeas LABeko Emakume Idazkaria

UPVn euskarak defentsarik ez

Euskararen zapalkuntza egiturazkoa da, gure bizitzaren esparru guztietan ikus dezakeguna eta guk, apaltasunez baina indar eta konpromiso osoz, ez diogu zentimetro bat bera ere oparitu nahi

EHU-UPVk urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen barnean, aurten «Semi- nario internacional sobre discriminación por razón de sexo y procedimiento jurídicos» izenburupekoa antolatu dute. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoriak (Ikastaroaren antolatzailea UPV-EHUrekin batera) LAB sindikatuko Emakume Idazkaritzari parte hartzeko gonbidapena egin zigun, bertan idazkaritzatik sindikatuan egiten ari garen lana azal genezan. Gonbitea onartu eta ikastaroa prestatzeari ekin genion.

Jardunaldiak irailaren 4an zuen data. Aurreko egunetan, zehazki irailaren 1ean, Defentsoriarekin harremanetan jarri ginen ikastaroaren antolakuntzari buruzko azken xehetasunak adosteko, zehazki ikastaroaren ordutegia baieztatzeko eta gure azalpena egiten laguntzeko Power Pointen landutako aurkezpena eramango genuela adierazteko. Power Point bidezko aurkezpena, ahozkoa bezala, euskaraz bakarrik zegoela adierazi genien naturaltasun osoz.

Gure ezustekoak hortxe hasi ziren. Defentsoriatik ikastaro horren hizkuntza ofiziala gaztelania zela esan ziguten. Eta itzulpen-sistema egon bazegoela, noski, baina gaztelaniatik ingelesera soilik. Oraindik harridura gainetik astindu ezinda ginela, bigarren aldiz hitz egin genuen Defentsoriarekin, gure esku-hartzea euskaraz izango zela adierazteko eta euskaldunak ez ziren parte-hartzaileei itzulpena ziurtatzeko baliabideak eskaini behar zitzaizkiela esateko. Ez ziguten inolako argipenik eman, eta ondoren ez genuen Defentsoriatik inolako dei, mezu edo oharrik jaso.

Ez ginen hor gelditu. Unibertsitateko jardunaldien arduradunekin ere hitz egin genuen gure kezka eta desadostasuna azaltzeko eta, bidezkoa zenez, gure azalpena euskaraz egiteko asmoari eutsi egingo geniola adierazteko. Erantzuna ez zen bestelakoa izan: jardunaldien hizkuntza ofiziala gaztelania zela. Baina, euren eskuzabaltasunaren erakusgarri, euskaraz egiten utziko zigutela. Hori bai, itzultzailerik gabe. Ingelesen pribilegioak.

Jardunaldia burutu zen. Gaztelania hutsean ari ziren jardunaldietan, euskaraz egin genuen gure lana, euskaldunak ez ziren parte-hartzaileentzako itzultzailerik gabe. Gure azalpenaren amaieran, parte hartzen ari zirenei gertatutakoa eta gure jarrera agertu genien.

Euskara gure hizkuntza da eta LABek euskararekiko konpromiso garbia du eta hamaika urrats egin ditu bere barne zein kanpo, funtzionamenduan Euskal Herria euskalduntzeko prozesuan aurrera egin dezagun. Euskararen zapalkuntza egiturazkoa da, gure bizitzaren esparru guztietan ikus dezakeguna eta guk, apaltasunez baina indar eta konpromiso osoz, ez diogu zentimetro bat bera ere oparitu nahi.

Nahikoa egin dugu atzera! Begi-bistakoa da, gainera, izaera publikoa duten bi eragile horiek (Defentsoriak eta UPV-EHUk) beren apeten arabera (eraginkortasuna aipatuko digute edo modako azken aitzaki kosmopolita) erabaki dezaketela euskara jarduera unibertsitariotik edo sindikaletik ezabatu behar dela Euskal Herrian. Edo, hainbeste goratzen duten gaurko eparru juridikoan hiru lurralde hauetan ezarrita dauden bi hizkuntza ofizialetako batek bere estatusa gal dezakeela, haiei horrela irizten badiote.

LABek instituzioek gure hizkuntza aintzat ez hartzea eta, are okerrago, baztertzea salatzen du. Gainera, jardunaldi horietan emakumeok lan-munduan pairatzen dugun diskriminazioaren aurrean sindikatuaren paperak nolako izan behar duen azaltzeko parte hartzen genuen, eta, horren harira, gure Aukera Berdintasun Planaren berri eman genuen. Baina, halaber, LABen badaukagu euskararen normalkuntzaren aldeko plana ere. Diskriminazioak diskriminazio dira, eta gure eskubideen defentsan ezin dugu zatiketarik egin. Emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa bezalaxe euskarak jasaten duen diskriminazioaren aurkako jarrera agertu eta salatu nahi dugu.

Horren haritik, LABek salaketa formalak aurkeztu ditu Hizkuntza Eskubideen Behatokian, baita Hizkuntza Politiken erakundean, Elebiden. Azken horrek, erakunde ofiziala izanik, euskararen normalkuntzaren bidean beharrezkoak diren neurriak berma ditzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo