GARA > Idatzia > > Mundua

Pakistanek NATOko hegazkinei eraso egin die herrialdean sartu zirelakoan

Pakistan Ameriketako Estatu Batuen lagun fina izan ohi da. Orain, kidetasun hori arriskuan da, azken asteetan, AEBek aire erasoak egin baitituzte talibanen kontrako borroka aitzakiatzat hartuta. Atzo, NATOko helikopteroen aurka egin zuen Armada pakistandarrak.

GARA |

Pakistango Armadak NATOko hegazkinen aurka tiro egin zuen atzo Afganistaneko muga zeharkatu eta herrialdean sartu zirelako. NATOk, berriz, halakorik egin izana ukatu du. «Gure helikopteroak ez dira Pakistanen sartu. Eguneroko ariketak egiten ari ziren, besterik ez», adierazi zuen ISAFek agiri batean.

Armada pakistandarrak bestelako azalpena eman zuen. «Helikopteroak gure segurtasun postuaren gainetik pasa ziren. Pakistaneko lurraldean ondo sartuta zeudenean, ohartarazteko tiroak jaurti genizkien. Orduan, Afganistanera itzuli ziren», helarazi zuen. Azalpen horren arabera, erasoa Sai Gai izeneko eskualdean, iparraldeko Waziristanen, gertatu zen. NATOk Afganistaneko Khost probintzian zeudela argudiatu zuen, ordea.

Durand izeneko ingurua muga gisa hartzen dute Pakistan eta Afganistan banatzeko. Hiruzpalau kilometro ditu «inoren esku ez» dagoen lur zati horrek. Pakistanek berea dela dio, eta Afganistanek ere gauza bera.

Pakistaneko presidente berriak, Asif Ali Zardarik, gertatutakoa argitu beharrean, gehiago nahastu zuen, izan ere, NATOko hegazkinak lurraldean ez zirela barneratu, baina mugatik oso gertu zeudela ohartarazteko egin zietela tiro esan baitzuen.

Kontraesan hori dela-eta, uste izatekoa da Armada eta Zardari ez doazela bide beretik. Presidente izendatu zutenean, Zardariren erronka nagusietariko bat Armada kontrolatzea izango zela adierazi zuten analistek.

Atzokoak NATOren eta Washingtonen haserrea piztu zuen. Biek azalpenak eskatu zizkioten Islamabadi.

Antza, erasoa jasan zuten hegazkinek -arakatze lanak egiteko erabiltzen direnak- NATOko ikurra zeramaten.

aurrekariak

Hilaren 3an, AEBetako soldaduek Pakistanen hainbat lagun hil zituzten, talibanak zirela esanez. Hilaren 15ean, Armadak airera tiro egin zuen AEBetako hegazkinak sar ez zitezen. Subiranotasuna defendatuko duela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo