Euskal Herri burujabea egituratu eta antolatzeko asmoz, denetariko ekarpenak jasoko dituzte Nazio Eztabaidan
Janire ARRONDO |
«Euskal Herriaren egoera aztertu eta nazio gisa datozen hilabeteetarako erronkak eztabaidatu eta adosteko» Nazio Eztabaida egingo da udazken honetan, urtero bezala. Atzo aurkeztu zituzten Nazio Eztabaida Guneko kideek aurtengo eztabaidaren nondik norakoak Euskal Herriko hainbat eragileren aurrean. Mikel Irastortza kideak adierazi zuenez «prozesu parte-hartzaile, nazional eta demokratikoari bide emateko lehen urrats garrantzitsua izango da hau».
Beste hainbat helburuen ar- tean «Euskal Herriak bere burua egituratzea, burujabetzaren aldeko esparrua gorpuzten jarraitzea eta lurraldetasunaren printzipioa indartzea» izango dira datozen hilabeteetarako erronka nagusiak. Batetik, Euskal Herriko egoeraren azterketa jasotzen duen dokumentuan, eta bestetik, 2008-09 Nazio Plana biltzen duenean oinarrituta. Atzo hasi eta datorren hilaren amaiera arte iraungo dute herrialde bakoitzerako antolatu dituzten Ekarpen Foroek. Gainera, ekarpenak biltzeko tresna nagusia web-gunea izango da.
2003an Nazio Eztabaida Gunea sortu zenean bezala «Euskal Herrian gaur egungo testuinguru politikoa, eta bereziki azken hilabeteetakoa, zinez zaila eta gordina da gure nazioarentzat» azaldu zuen Irastortzak. Bere hitzetan «ezinezko bilakatu nahi dute Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki ahal izateko, eta subjektu politiko eran egituratzeko ahalmen politikoa izatea». Hori dela eta «ezinbesteko eginkizuna dugu Euskal Herria burujabetzara eramango duen nazio estrategia indartzea eta garatzea».