GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Vareseko Munduko Txapelketa

Bert Grabsch alemaniarrak Cancellararen lekukoa hartu du erlojupeko proban

GARA | VARESE

«Ezin dut sinetsi munduko txapelduna naizenik!» Horixe zioen Bert Grabschek Vareseko helmugan. Berebiziko balentria burutu zuen 33 urteko txirrindulari alemaniarrak, erlojupekoaren errege bilakatu baitzen, Fabian Cancellararen lekukoa hartuz. Grabschek Vareseko aintzira inguruko 44 kilometroak 52 minutu eta segundo batean egin zituen, 50 kilometro orduko batez besteko abiaduraz.

Team Columbia taldeko kidearen atzetik, podium amerikarra osatu zen: Kanadako Svein Tuft sailkatu zen bigarren, irabazlearengandik 42 segundora, eta David Zabriskie estatubatuarrak jantzi zuen brontzezko domina, Grabschek baino 52 segundo gehiago behar izan zituelarik.

Galtzailerik izan bazen, Astana taldeko Levi Leipheimer izan zen. Bera zen urrea lortzeko faboritoa eta bera izan zen martxan jartzen azkena. Hala ere, nahiz eta bere arerioen erreferentziak izan, ez zuen onenen erritmoa jarraitu eta posturik mingarriena, laugarrena, eskuratu zuen. Podiumetik 13 segundora geratu zen Leipheimer, Bert Grabschengandik minutu eta bost segundora, hain zuzen.

Castroviejoren txanda

Gaurtik aurrera iraupen probetan lehiatuko dira txirrindulariak. Eguerdiko 12.15etik aurrera, 23 urtez azpiko mutilen saioa izango da gaur.

173 kilometro beteko dituzte txirrindulariek. Tartean Orbea taldeko Jonathan Castroviejo bizkaitarra izango da. Profesionalen artean hartutako eskarmentuaz ederki baliatzen ahaleginduko da getxoztarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo