GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Rachelen ezkontzara gonbidatu gaitu Jonathan Demmek

Jonathan Demme, Donostiako Zinemaldiko epaimahaiburuak «Rachel Getting Married» azken lana aurkeztu zigun atzo. «The Silence of the Lambs» (Bildotsen isiltasuna, 1991) eta «Philadelphia» pelikulen arduradunak, Oscar sari baten jabe denak, gizon xume eta atsegina ematen du eta Bob Marleyri buruzko dokumentala du hurrengo erronka.

p036_f01_184x108.jpg

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Hurbileko, atsegin eta irribarretsua, Jonathan Demme ez da edozelako zinema zuzendaria. Makina bat pelikula arrakastatsu zuzendu («The Silence of the Lambs», «Philadelphia») eta hainbat sari jaso ditu (Oscar saria tarteko) bere ibilbide oparoan, baita Hollywoodeko izar nagusiekin grabatu ere (Jodie Foster, Anthony Hopkins, Antonio Banderas, Meryl Streep, Tom Hawks...). Alta, dokumentalak sortzeari emana dago egun (musikariei buruzkoak batzuk) eta aurten Donostian hara eta hona ikus dezakegu, bera baita aurtengo Zinemaldiko Epaimahai burua.

Herenegun bukatzeke duen Neil Young gitarrista indiarrari buruzko lana eman eta gero, azken pelikula aurkeztu zuen Donostian, «Rachel Getting Married». Bere ahizpa Rachelen (Rosemarie DeWitt) ezkontzan parte hartzeko errehabilitazio zentrotik atera den Kim (Anne Hathaway) da pertsonaia nagusia. Etorkizunari aurre egiteko erronka zaila du aurrean, eta ez du erraz aurkituko bere tokia. Iraganean sortutako samina gordetzen duen familia bitxia osatzen dute, elkarrizketa bitartez zauriak ixten saiatuko dena.

Pelikula osteko prentsaurrekoan, «benetako boda bat balitz legez, antzezle guztiak asteburu batean bildu» eta grabatu zituztela argitu zuen zuzendariak, eta antza denez, antzezleak suspertu zituen horrek, proba eta errepikapenak alde batera utzi, eta saio bakar batean grabatu zutelako lana. Beraz, eta «gidoia artez jarraitu» bazuten ere, inprobisazioak izan zuen bere tartea, eta pelikulako % 10 kamerak piztuta jarraitzearen ondorio zuzena omen da. Balizko ezkontza horretara gonbidatu zituenetako asko musikari lagunak ziren, beti eta etenik gabe eszena gertatzen zen aldameneko gelan jotzen zutenak, pelikularen soinu banda zuzenean sortzeko. «Rachel Getting Married» pelikulan Anne Hathaway dugu antzezle nagusia, Rachelen ahizparen papera antzezten duena. «Talentu handiko neska da», onartu zuen Demmek, «konfiantza nuen berarengan», eta ziurrenera, «lan hau inflexio puntu bat izan daiteke berarentzat».

Demme emaitzarekin pozik agertu zen, eta filmak ikus-entzuleen artean arreta lortu eta txarteldegian arrakastatxoa izango zuelako ustea azaldu zuen, «pelikula honek badu zerbait `berezia´egiten duena», bizia eta entretenigarria dela gaineratuta. Urrian argituko da ustea, orduan izango baitu aretoetan estreinaldia.

Demmen lanen artean, zalantzarik gabe, «The Silence of the Lambs» (Bildotsen isiltasuna) dugu, Oscar sariaz gain (orotara bost jaso zituen) ospe handiena eman diona. Kazetariek istorio horrek bizitza aldatu ote zion galdetu eta berak, baietz, askatasuna eman eta «beti beteta zeuden jatetxe dotoreetan berarentzat mahai bat libre izatea» ekarri ziotela esan zuen txantxetan. Gero, serioago jarri eta «makina bat gidoi interesgarri» jasotzen hasi zela onartu zuen.

Egun, ordea, dokumentalek bereganatzen dute zuzendari arrakastatsuaren arreta nagusia. «Maite dut dokumentalak egitea, eta ez dut aurrerantzean gidoiekin lan egiteko gogo handirik, egia esan». Puntu honetan, hausnarketa egin eta kritiko jarri zen aurtengo epaimahaiburua. «Ez dut oso gustuko egun ohiko zinemak duen enpresa eta merkatari mugimendua» eta zalantzarik gabe, «nahiago dut askatasun handiagoz lan egitea». Demmek onartu zuen aurrekontu handiko lanak egin eta «gustura gelditu izana», baina ez du bere burua horretan ikusten. Gainera, «estresantea da eta bizitza laburtzen dute» zehaztu zuen, esaten zuenaz seguru.

Zinemaldian duen arduraz ere hitz egin zuen Jonathan Demmek. Donostia hiri zoragarria dela bistan zegoela esan zuen, eta «munduko hiri nagusien artean» jarri zuen. Aurretik ere epaimahaietan aritutakoa da gizona, eta gustuko du lana, zinemazale izanik, «egun gutxitan pelikula on ugari ikusi eta haietaz eztabaidatzeko aukera» eskaintzen dielako.

Beraz, Donostiako Zinemaldian parte hartzeko gonbita jaso izana, «eskaintza ukaezintzat» jo zuen. Gainera ikuspuntu ezberdinak partekatu eta era demokratiko batean adostasunera heltzen saiatzen ari direla nabarmendu zuen. Izan dezaketen presioari dagokionez, lasaitasun eta askatasun osoz jokatzen dutela adierazi zuen, eta presio bakarra bakoitzak bere buruari jartzen diola gaineratu, pelikula batek epaimahaikideren bat txundituz gero, sariren bat jaso dezan amorruz defendatzen dutelako.

Donostia sarien gainean ere egin zioten itauna, Antonio Banderas eta Meryl Streep, biak ala biak, berarekin lan egindakoak dira-eta. Banderas, Tom Hawks protagonista zuen «Philadelphia» pelikulan, (bi Oscar sari jaso zituena, 1993an), eta Streep, berriz, 2004ko «The Manchurian Candidate» (Beldurraren Mezularia) pelikulan. Tartean gaztelaniaz grabatu zuten «Los Reyes del Mambo» alde batera utzita, «Banderasek Estatu Batuetan egindako lehen lana» zuzendu zuela azpimarratu zuen Demmek, eta berriro ere gustura egingo lukeela lan berarekin gaineratu. Streep ahotan hartuta laudorioekin jarraitu zuen: «Berarekin lan egitea dokumental bat grabatzea bezalakoa da, gidoia jarraituta ere saio bakoitzean zerbait ezberdina egin eta beti proba gehiago egin nahi izango dituelako», beraz, «zorioneko egiten nau beraiekin lan egin izanak» esanez bukatu zuen.

Etorkizuneko erronkei dagokionez, eta dokumentalak grabatzeko zaletasunaren harira, Bob Marleyri buruzko lan bat prestatzen «gogo biziz» ari dela iragarri zuen, irribarretsu. Musikazalea da Demme, eta aurretik ere eginak ditu Neil Young handiari buruzko pare bat lan. Bata, iaz Donostian ikusgai izan genuen «Neil Young: Heart of Gold» eta bestea, oraindik bukatu gabe duen «Neil Young Trunk Show: Scenes from a Concert», herenegun Zabaltegin bota zutena, zaleen gozamenerako.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo