Floren Aoiz www.elomendia.com
Estrasburgora, bozken bila
Gasteizko Gobernua osatzen duten hiru alderdiek gehi «gonbidatutako artista» omen den Aralarrek jakinarazi digute, azkenean, zein den kontsultaren debekuari emanen dioten erantzuna. Duela hilabete batzuk aurreratu zuten mobilizazioa bultzatuko zutela, oso larria baitzen espainiar Estatuaren joera, baina argi dago ez dutela jendea kalera ateratzeko borondaterik. Agian, ez dutelako beren mobilizazio gaitasunaz inolako federik. Kontsultaren gaia, edo, nahiago baduzue, Ibarretxeren plana aztertuz gero, erraz konturatuko gara gezur piloa esan dela, aldarrikapen sutsuen ondotik ez delarik deus ere etorri. Gai potoloa da herri kontsultarena, gatazkaren mamia ukitzen duena, baina lehen unetik erabili nahi izan dute, urratsak emateko baino, etekinak ateratzeko. Bultzatzaileek beti ukatu dute interes elektoralista, baina gertatutakoa ikusirik, ezin da besterik ondorioztatu.
Eta orain, espainiar Epaitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik, Estrasburgora! Hor al dago debekuaren arduradunarekiko aurkamenduaren kokapena? Gainera, testigantza-ekimenaren bidez? Zertarako balio du horrek?
Azken urteotan izan dugu lau alderdi horien helburuak ezagutzeko parada. EAJk diseinatu zuen estrategia ezker abertzalearen eta PP-PSOEren artean agertzeko, Jesukristo bi lapurren artean bezala, baina independentistek ez zuten amarrua jan, ekimenaren gibelean zegoen asmoa agerian utziz. Jeltzaleek ez zuten ikasi; alta, berriz saiatu ziren, berdina gertatu zitzaielarik: ezker abertzaleak ez zuen beren faktura ordaindu nahi izan. Eta orain, egiaren tenorea iritsi delarik, Madrilen aitzin jarrera irmoa agertzeko unean, ihesari ekin diote berriro, oraingoan aurpegia garbitzeko Estrasburgo erabiliz. Itxura, propaganda, marketina, baina herriari hitza emateko konpromisorik ez.
Batzuek salatu dute Patxi Lopezek aspaldi hasi duela bere hautes-kanpaina. Lau alderdi hauek herri-kontsulta erabili dute kanpaina gisa, herritarroi gezurrak helaraziz, inoiz ez baitute Estatuarekiko aurkamendu demokratikoari eusteko asmorik. Tristea da, baina gure herriak hitza hartu nahi duelarik, batzuek uste dute borondate hau trafikatzeko baliagarria dela.