GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Balioetan hazten eta hezten

Kristauek Jaungoikoarengan sinesten zuten. Existitzen dela uste zuten, sekula ikusi ez izan arren. Gaur egun jainko bakarra dirua dugu, existitzen dela jakinda ere, esku zuridun lau popek izan ezik, artaldeak sekula ikusi eta izango ez duena

Eskoletan ikasleek jipoiak telefono mugikorretan grabatzen dituzte Youtube-n eskegitzeko; euretako batek pistola hartu eta ez dakit zenbat akabatu ditu bere buruaz beste egin baino lehen; mutikoek neskak bigarren mailako pertsonatzat hartzen dituzte oraindino eta neskek, trukean, mutilentzat erakargarri suertatzea baino ez daukate buruan; seme-alabek gurasoak jo eta mehatxatu egiten dituzte... eguneroko ogia. Ez da harritzekoa. Harrigarriena da harritzen diren buruargi horien guztien jokabidea. Eskuak burura eroaten dituzte eta, ileetatik tiraka, zelan ete den posible galdetzen dute.

Zoritxarrez, mundua ez da sekula sano egon, baina gaurko egunean ematen du inoiz baino ahalegin handiagoa egiten dutela batzuek osatu ahal izateko. Horrela, agerraldi honetan etengabe entzuten den formula, antza, «balioetan» heztea ei da. Kontua da ezarri gura duten «hiritartasuna» eta «balio demokratikoak» ez direla balio batere baliozkoak.

Erlijioak ematen zituen lehen irizpideak bizimoduak zuzentzeko, nahiz eta ateo konfesatu eta konfesatu bako naizen ni horren egokitasuna neurtzera orain sartu ez, baina komunitateko pertenentzia eta albokoarekin zuzen jokatzeko premia behintzat argi zeuden. Orain horiek guztiak desagerturik daude. Inork ez du benetan sinesten eta are gutxiago praktikatzen, baina beste araurik ez da sortu horren ordez.

Komunikabideen, gobernuen eta multinazionalen esku, hau da, trinitate santuaren esku gelditu da mundu hau gidatzeko etika interesatua, deskantsu barik ezartzen dabiltzana.

Diruak zuzendutako interesak beste ezeren gainetik paratu dira, «eskubide» deituta askotan, baina unibertsalak eta solidarioak izan beharko liratekeela ahaztuta, gutxi batzuen segurtasun ekonomiko, juridiko eta fisikoa babesteko goratuak. Enpresarientzat bai, baina Afrikan botikarik edo elikagairik pagatu ezin dutenentzat, Asian esplotatzen dituzten umeentzat, Ameriketan akabatzen dituzten sindikalistentzat edota Europan ez dakit zenbat metrotik jausten diren 24 urteko gazteentzat ez. Politikarientzat eta komandanteentzat bai, baina gerretan hiltzen diren zibilentzat edota bortxatzen dituzten andra guztientzat ez. Gotzainentzat bai, baina gurutzadetara jo barik, ihesak jota hiltzen diren afrikar guztientzat ez. Bankarientzat bai, baina euren diru goseaz zabaltzen duten pobrezian goseak eta gaixotasunak jota bizia galtzen duten milioika lagunentzat ez. Epaileentzat bai, baina bizi osorako ziega ilun batera edota zuzenean heriotza zigorrera kondenatzen dituzten pobre eta disidenteentzat ez.

Horiek guztiak dira basakeriarik handienak egiten dituztenak eta euren balioak katixima berria bailitzan errepikatzeaz nekatzen ez direnak. Eta ikasi, ikasi egiten da: «Lo mío pa' mi saco» eta «sálvese quien pueda», kasu.

Kristauek Jaungoikoarengan sinesten zuten, behintzat. Existitzen dela uste zuten, sekula ikusi ez izan arren. Gaur egun jainko bakarra dirua dugu, existitzen dela jakinda ere, esku zuridun lau pope basatik izan ezik, artaldeak sekula ikusi eta izango ez duena.

Frustrazioa eta norabide falta balio ederrak dira...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo