Miguel Torre eta Maite Goyenetche Batasuneko kideak
Herria aitzina, Batasuna aitzina
Batasunaren kontrako operazioa ez dator hutsetik. Frantziak ajenda propioa du Euskal Herriaren aurka. Espainiarekin bat egiten du gauza anitzetan, baina ez da «laguntzaile» soil bat
Asteazkenean, ehunka poliziak (zibilez, nahiz uniformez) eta Pariseko hiru epailek Batasunaren kontrako operazioa abiatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat herritan. Etxeetan miaketak egin, militanteak atxilotu, Baionako egoitzan sartu...
Jauzi kualitatibo baten aitzinean gara, horretan ez da zalantzarik. Hainbat «arrazoi» entzuten ari gara operazio honen justifikatzeko. Baina ez gara horretan sartuko, ez gara Estatuaren intoxikazio-jokoan eroriko. Gure xedea benetan gertatzen ari denaz ohartzea da.
Frantziar Estatuak estrategia jakin bat du Euskal Herriarekiko: ukazioa eta asimilazioa. Lehena oinarria da, eta horren arabera Frantziako lurralde eremuan ez da euskal populurik. Bigarrena, lehena egia bihurtzeko bidea da, hamarkada luzeetan garatzen duena eta euskal izatea tokiko berezitasuna bilakatzea helburu duena.
Ukazio eta asimilazio estrategia hori hainbat tresnez baliatzen da. Batzuk orokorrak dira koadro konstituzional eta legalaren kasuan bezala. Beste tresna batzuk «bertakoak» dira, eta hor sasi-tresnak deitzen ditugunak eta tokiko hainbat politikari ditugu, besteak beste. Horien bidez, jendartearen anestesia bilatzen da, Euskal Herriaren heriotza geldo eta lasaia.
Horretaz aspaldi ohartu gara. Mugimendu abertzaleak, historian zehar, hainbat borroka fase ireki ditu asimilazio horri buru egiteko. Orain, horrelako batean gara sartuak. Azken urteetan ziklo berri bat irekitzen ari da Ipar Euskal Herrian, eta horren sorreran eta elikaduran Batasunak bere ekarpena egiten du. Uztaritzen eman genuen ezagutzera urrats horren zentzua eta nahia, eta horretan ari gara Batasuneko militante guztiak buru-belarri.
Zertan datza ziklo berri horren funtsa? Hitz politak bezain hutsak bukatu dira. Euskal Herria existitzen da eta oinarrizko eskubideak ditu. Frantziak Euskal Herria onartu eta errespetatu behar du; hitza eta erabakia Euskal Herriaren gain da. Ukazioaren gainetik, eskubide osoa dugu bidea egiten hasteko.
Bide honetan Batasunak engaiamendu guztia du eta saiatze etengabean ari da. Ez bakardadean, beste eragile eta herritar anitz bide bera egiten ari dira-eta. Bakoitzak bere moldean, eta hainbatetan, denok elkarturik.
Guztiak gara eragile aktibo borroka honetan. Bai, borrokan diogu. Borroka baita gure hizkuntzaren alde engaiatzea eta urrats praktikoak ematea; borroka egitea baita mespretxuaren aitzinean laborantza tresna propioak sortzea eta garatzea; borroka egitea baita langileen prekarietatearen aitzinean bertako tresna propioak sortzearen alde egitea; borroka egitea baita instituzioetan presentzia izateko eta norabide jakin batzuk bultzatzeko indar-biltzeak lantzea.
Bidegurutzea argia da: ukazioa ala onarpena. Asimilazioa ala herri-eraikuntza. Mendekotasuna ala engaiamendua eta borroka. Batasunak aspaldi egina du hautua, eta herri honen sektore geroz eta zabalagoek ere bai. Ukazioaren aitzinean, asimilazioaren aitzinean, euskal herritar anitzek engaiamendu eta borrokaren aldeko pario garbia egin dute.
Frantziak ere aspaldi egina du bere hautua. Eta ez zaio aldatzeko asmorik sumatzen, kontrakoa baizik. Orain beldurra du. Oso ondo ulertu baitu ziklo berri honen esanahia. Lehen kolpean harrapatu baitu herritar sektore zabalek egindako hautuaren potentzialtasuna.
Errotik moztu nahi dute. Sektore dinamikoenak errepresio bidez indargabetu, eta jendartea izutu, kikildu. Ziklo berria eta Euskal Herriaren onarpena ezinezko bihurtu nahi dute.
Batasunaren kontrako operazioa hor kokatzen da. Beste urrats errepresibo asko bezala. Ez dator hutsetik. Frantziak agenda propioa du Euskal Herriaren aurka. Espainiarekin bat egiten du gauza anitzetan baina ez da «laguntzaile» soil bat.
Frantziak aspaldi erabakia du Batasuna legez kanpo uztea, ezker abertzalea indargabetzea. Erabaki politikoa da, Gobernuarena. Alliot-Marie, Grenet edo Brisson eta antzeko Euskal Herriaren etsaiek argiki erran digute egun hauetan. Orain arte, Gobernuak hainbat urrats eman ditu norabide horretan: Koldo Gorostiagaren kontrako muntaia, egoitzaren entzuketak, hainbat taberna eta elkarteren kontrako muntaiak, konduen afera... Janzkera egokia asmatu dute, gauza asko nahasiz (finantziazioa, ostape...). Hori dena, azken jauzi kualitatibo hori bezala, benetako helburua eta erantzukizuna estaltzeko. Gobernuak nahi duela Batasuna legez kanpo utzi, eta bere proiektua ezabatu.
Horren aitzinean Batasunak, Uztaritzen egin bezala, dei zuzena egiten dio Frantziar Gobernuari, bide itsu honi bizkarra eman eta onarpenaren eta errespetuaren bidean sartzeko.
Batasunaren gizon eta emazteen engaiamendua argia da eta hartutako erabakian sakontzea dugu helburu. Ez gara kikilduko, ez dugu iparra galduko. Bidea zein den argi marraztua dugu eta jorratzen segitzera goaz. Bide horretan, badakigu, bide lagun anitz aurkitzen ari gara eta aurkituko dugu, zalantza izpirik ez dugu. Erran dugun bezala, Euskal Herria baita hemen benetako protagonista.
Amaitzeko, dei bikoitza egin nahi diegu Batasunaren oinarri sozialari eta, oro har, euskal jendeari: erantzun dinamika eta mobilizazio guztiei sostengu osoa ematea, bata; bigarrena, engaiamendu eta borrokaren bidean urrats gehiago emateko, onarpenaren eskakizuna etxe guzietara eramateko, Euskal Herriaren eraikuntzan sutsuago aritzeko.