GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

«Horrelako lanetan burua galdu gabe aritzea garrantzitsua da»

p039_f02.jpg

 
 Joxeramon IRURETAGOIENA, IZETA II.a | Harri-jasotzailea

 

Izeta II.a bihar eguerdiko 12.00etatik aurrera Tolosan neurtuko da Aimar Irigoienen aurka. Aiarrak apustu dezente jokatu ditu. Estreinakoa 18 urterekin segan, baina garbi utzi du biharkoa izango dela azkena.

Zer moduz zaude?

Ongi, gogoarekin. Jada, eguna heltzeko zain jokatu eta hau guztia pasatzeko.

Prestakuntza zuk nahi bezala joan al da?

Bai bai, ez dago aitzakiarik. Beti izaten da zerbait, baina oso ongi nago. Aimar ere horrela dagoela esaten dute, eta uste dut apustu gogorra izango dela.

Azken apustua Goenatxoren aurka jokatu zenuen. Prestakuntza gogorragoa egin zaizula esan duzu. Horrela izan al da?

Bai. Orduan 35 urte nituen, eta orain 41. Hori asko nabaritzen da. Hemen adinak ez du barkatzen. Nahiz eta ni ongi egon, egia esan, gogorragoa egin zait.

Dirua Aimarren alde dago, baina harri-jasotzaile beterano batzuk zure aldeko joera agertu dute. Zer iruditzen zaizu?

Beno, jendeari ez zaio kasu gehiegirik egin behar, azkenean gauza guztiak ez dituztelako ikusten. Beraiek Aimar txapeldun ikusten dute, azkenaldian sekulako markak egiten ari den hori. Apustua, ordea ezberdina da. Harentzat lehen aldia da, ez du behin ere apusturik jokatu, horrelako lanik ez du inoiz egin, eta nik, berriz, bai, eta hori guztia ikusten dute harri-jasotzaileek.

Beraz, dirua alde edo aurka izan, horrek ez dizu inongo kezkarik sortzen ezta?

Ez, ez, batere ez, niri berdin zait nire alde edo aurka jokatzen duten dirua, hori norberak ikusi behar du, niri horrek ez dit eraginik egiten. Diruak edo jendearen iritziak ez du apustua irabazten edo galtzen.

Hau izango al da zure azken apustua?

Bai, bai. Hau egin nuenean esan nuen, eta berriro errepikatuko dut. Jadanik urteak aurrera doaz, eta uste dut heldu dela apustuei amaiera emateko tenorea. Gertatzen dena gertatu, hau izango da nire azkeneko apustua.

Zuk apustu mordo bat egin dituzu. Nabaritzen al duzu presiorik orain ere?

Bai, nabaritzen da bai. Honek, gainera, sekulako ikusmina piztu du, alde guztietan honi buruz ari dira hizketan, eta azkenean kanpoan dagoen giro hori nabaritu egiten duzu. Konturatzen zara igandean jende asko izango dela gu ikusten, eta haiengatik lan ona egin beharra dagoela.

Aurreko esperientziak kontuan izanda, irabazten duenak zenbat jasoaldi egin beharko ditu?

Aste honetan egunero ari zaizkit gauza bera galdetzen, baina denei gauza bera esaten dizuet. Jendeak ez du horri begira egon behar. Uste dut duten guztia ematera joango diren bi kirolari izango garela plazan, eta amaieran zenbat jasoko diren apustuak berak baldintzatuko du. Agian, ikaragarrizko lana egin beharko da irabazteko, edo agian, bietako batek utzi beharra izango du, eta orduan, irabazleak ez du horrenbeste jaso behar izango.

Jendeak dio aurreneko txanda izan daitekeela erabakigarria. Zuk horrela uste al duzu?

Ez, ez dut uste. Lehen esan bezala jendeak gauza asko esaten ditu, baina gehiegi pentsatu gabe. Hemen bakoitzak bere erritmora joan beharra dauka. Hamar minutuko hiru txanda daude, eta hori izan behar da buruan. Lehen txandan, duzun guztia ematen baduzu, eta bakoitza bere erritmotik kanpo ateratzen bada, akabo, ez dago zereginik, beste bietan ezingo baitu jarraitu. Hemen bakoitzak bere erritmoan jarraitu behar du, albokoari begira egon gabe, bere lana egiten jarraitu, burua galdu gabe, uste dut hori izango dela biharko apustuan izango den gakoetako bat.J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo