Trontza
Esnaola anaiak aterako dira Euskal Herrikoa irabazteko faborito gisa
J.L. | DONOSTIA
Biharko apustuarekin ez dira amaitzen asteburu honetan herri-kirolak izango dituen ekitaldiak, izan ere txapelketa ugari jokatuko baitira gaur eta bihar.
Denetan interesgarriena eta garrantzitsuena bihar arratsaldean jokatuko da 18.00etatik aurrera Aizarnazabalgo plazan, bertan Euskal Herriko Trontza Txapelketako finala jokatuko baita, bai emakumezkoetan, eta baita gizonezkoetan ere.
Nesketan, honako biko hauek hartuko dute parte: Etxebarria-Etxebarria, Etxebarria-Astondoa, Intxausti-Mazizior eta Lopez-Nuñez. Biko bakoitzak 45 ontzako enbor bati 10 epai eman beharko dizkio etzanda.
Faborito garbirik egon ez arren, adituen ustez, Etxebarria eta Etxebarria bizkaitarrak izan daitezke garaipena lortzeko faborito argienak.
Mutiletan, berriz, honako hauek hartuko dute parte: Zubiaga-Olabarria, Esnaola anaiak, Barberena anaiak, Intxaurbe-Olibares, Larrañaga-Salegi eta Rezabal-Roteta.
Bikote bakoitzak 60 ontzako enbor bati 10 epai eman beharko dizkio etzanda eta kana-erdiko bati, berriz, 6 etzanda eta bost zutik. Iaz Barberena anaiek lortu zuten txapela, baina hala ere, Esnaola anaiak izango dira aurtengoan ere faborito.
Egurrarekin jarraituz, baina aizkoran, Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketako azkeneko saioa izango da bihar Urrotzen, 12.30ean hasita. Honako hauek hartuko dute parte: Dorronsoro, Matxinandiarena, Oiarbide, Aristegi, Patxi Mindegia, Castro, Pikabea, Etxeberria, Erdozia, Lopez eta Jauregi.
Aizkolari bakoitzak lau enbor kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta estraineko biek jokatuko dute finala urriaren 19an Altsasun. Saio hartarako, Atutxa II.a, Mugertza III.a, Erasun eta Pellejero sailkatuta daude.
Harri-zulatzea
Harri-zulatzaileen artean asteburu garrantzitsua izango da. Bihar Urnietan Binakako Txapelketako finala izango da, eta gaur Uharte Arakilen bakarkako kanporaketako azken saioa jokatuko da. Biak 18.00etan hasiko dira.
Gaur Uharte Arakilen honako hauek lehiatuko dira: Calleja, Martinez, Garcia, Serrano eta Rufrancos. 20 minutu izango dituzte lanerako, eta horren ostean jakingo da finalean zeintzuk izango diren.
Bihar, ordea, Urnietan Binakako finala izango da, eta hauek daude sailkatuta: F.Garcia-Gutierrez, Calabazo-Arana, S.Garcia-Hidalgo, Aurrekoetxea-De la Concepcion, Serrano-Serrano eta Lizarribar-Isuskiza. Azken horiek dira faboritoak.
Eta guzti hori gutxi balitz, gaur, Igantzin, 18.30ean hasita, Euskal Herriko lasto-altxatze txapelketa eta Nafarroako lokotx-biltze txapelketa jokatuko dira.