GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Independentziaz gozatzeko jai giro itzela izango da Hernanin

Joan den astean tokia ezagutzera eman bazuten, atzokoan Independentzia Egunerako antolatu duten egitarau oparoaren berri eman zuten gazte independentistek. Hernani, urriaren 25ean, aldarrikapenaren eta jaiaren eskenatoki bilakatuko baitute gazteok goizetik hasi eta hurrengo goizerarte. Jaialdiaren inguruko informazio guztia eskuratzeko tresna ere eratu dute: www.independentziaeguna.net webgunea.

p020_f02.jpg

Gari MUJIKA |

Urriaren 25a. Ez da ez hitzordu makala; Gernaniko Estatutuaren urtemuga izateaz beste, Juan Jose Ibarretxek egingo ez duen baina aditzera eman zuen kontsulta gauzatzeko ezarri zuen data baita. Baina hiru herrialdeotako ikusmiraz harago, Euskal Herri osoaren askatasuna aldarrikatzen duen gazteriaren zita nagusia izango da; hain zuzen ere, Hernanin ospatuko den Independentzia Egunean.

Horretarako hilabete eskas gelditzen denean, aldarrikapenaren topagune bilakatuko den herrian, Hernanin, eman zuten aditzera gazte independentistek atzo, urriaren 25erako antolatu duten egitaraua. Goizeko 11.00- etan txistulariak, albokariak, zanpantzarrak eta trikitilariak Hernaniko kaleak jai giroz zipriztintzen hasiko dira, jarraian, 12.00etan, txupinazoa jaurtiz, harrera ekitaldiari segida emanez. Ondoren, kalejira eta bertso-poteoan arituko dira, 14.00etan, Atsegindegi plazan sagardotegi erraldoia ireki arte.

Bazkal ostean, herrialdeen arteko sokatira finala ospatuko da -udara guztian herri eta eskualde guztietan egin dira-, ondoren, «Etorkizuna Independentzia!» lemapean, Hernaniko kaleetan kalejiran ibiltzeko.

Kalejiratik, Txantxillan ipiniko den karpa erraldoira. Han, ekitaldi politikoa izango da eta, ostean, kontzertu itzelak: Betagarri, Anestesia, Ken7, Neguri Gorriak, Amaiur eta DJ Bull musikarien eskutik. Baina Tilosetan ere izango da jai-giroa; bertan, txosnak, karpa txikiago bat eta ogitartekoak jateko aukera izango baita.

Independentzia Egunera joateko, gainera, autobusak antolatuko dituzte herri guztietan; baina trenez bertaratu nahi dutenei ere iradokizuna egin diete: Renfeko bidaia-txartela ez ordaintzeko gonbita, Abiadura Handiko Trenari inolako sostengurik ez emateko.

Webgunea

Independentzia Eguna ospatzeko bonoak 24 eurotan eskuratu ahal izango dira aurrez; baina, dena dela ere, «www.independentziaeguna.net» web gunean informazio osoa aurkitu ahal izango da.

Ibarretxeren eta EAJren «itxurakeriak» gogor gaitzetsi dituzte gazteek

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak atzo esandakoekin haserre azaldu ziren gazte independentistak, eta, are gehiago, azken asteotako errepresio oldarraldiari so egin eta Ertzaintzak atzo bertan gazte bat atxilotu zuela kontuan hartuz gero.

«Bere kontsultaren aurrean `la indisoluble unidad de la nación española' jarri diotela salatu du. Noski! Hori baita arazoa... hori baita gatazka, Euskal Herriaren eta estatuen artekoa», azaldu zuten. «EAJren itxurakeriazko konfrontazioaren atzean helburu makurrak» daudela eta, momentu hauetan, «iruzur erraldoia» egiten dabiltzala gaineratu zuten.G.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo