GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etxebizitzaren krisia banketxeen jarrerarekin lotzen du FNAIM-ek

Ainize BUTRON |

FNAIM, higiezinen agentzien federakuntzak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan etxebizitzen eta lurren salmentetan dagoen «estagnazioa»ren berri eman zuen atzo. Krisi hitza aipatu nahi ez bazuten ere, azken hilabeteotan salmentak behera egin dutela jakinarazi zuten, eta egoera hori banketxeen jarrera- rekin lotu zuten. Andre Lacabe Federakuntzako lehendakariak argitu zuen: «Eskaera badago, baina, banketxeek ez dute erosi ahal izateko mediorik ematen».

Maileguak eskaintzeko orduan banketxeen aldetik gero eta oztopo gehiago zegoela salatu zuten. Ondorioz, salmentak «estagnatzen» zutela gaineratuz. Salmentak, behera egin badute ere, nabarmen, FNAIMen arabera, egoera horrek ez du prezioetan eragin. «Estatu frantsesean ez bezala, hemen prezioak ez dute behera egin», esan zuten .

Beherakadarik ez izatearen arrazoi nagusia saltzaileekin lotu zuten. «Egun dagoen krisia, gehien bat, finantza arlokoa da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dauden saltzaileak, askotan ez daude saltzera behartuta, ez dute zor arazorik. Orduan, ez dute presarik», gehitu zuen Beñat Etxebeste Zuberoako agentziaren arduradunak. Gaur egun krisi argirik ez bada ere, ondoko urteari begira egoera larritzea arriskatzen zuela esan zuten. «Ez jakintasun egoeran gaude. 2009 urtean egoera argituko da», esanez amaitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo