Esneak txinatarren betiko jakiak ordezkatu ditu, gauza berria bada ere
Esne kutsatuaren auzia guztien ahotan dago Txinan eta nazioartean. Orain asko kontsumitzen den arren, duela hogei urte ia ezezaguna zen txinatarrentzat. Haren ordez, arroza, sesamoa edo soja hartzen zuten. Ohiturak zeharo aldatu dira, Gobernuaren bultzadari esker.
GARA |
Txinan kutsatutako esneak kezka zabaldu du, bai txinatarren artean baita bertako produktuak erosten dituzten herrialdeetan ere. Europako Batzordeak debekatu egin zuen, behin-behinan, umeentzako esneki txinatarren inportazioa. White Rabbit markako gozokiak ez zituen debekatu, nahiz eta kutsatuta egon daitezkeen susmoak izan.
Baina, halakorik ezin zitekeen gertatu Mao Zedong-nen edo Deng Xiaoping-nen garaiko Txinan, esnekiak ez baitziren kultur txinarrataren parte.
Ohiturak, ordea, aldatu egin ziren arrazoi askorengatik. Bizi-baldintzak hobetu egin ziren eta lehen supermerkatu handiak zabaldu zituzten. Mota askotako esnekiak eskaintzen zituzten. Horiek saltzeko, publizitate-kanpaina izugarria egin zuten. Gobernuak ere esnea hartzeko beharra nabarmendu zuen, horrela txinatarrak «indartsuagoak» izango zirela esanez. Horrek guztiak, esnearekiko zaletasuna bultzatu zuen.
Duela hogei bat urte, Txinara zihoazen atzerritarrek arazo latzak izaten zituzten esnekiak erosteko. Baina, egun, egoera zeharo aldatu da. Dendek hamaika motatako esne hautsak eskaintzen dituzte, gustu guztiak asetzeko adina.
1980an, txinatarrek 1,2 kilo esne hartzen zuten Deng-ek martxan ipini zuen erreforma politikoaren ondoren. Iaz, Hu Jintaoren agintepean, 26,7 kilo esne kontsumitu zuten, mendebaldarrak baino hamar aldiz gehiago. «Esneak ohiko edariak ordezkatu ditu», plazaratu du You Xiuzhenek, Beijingeko Wonderful Supermarket-eko langile ohiak. 80ko hamarkadaren hasieran, hiri handietako biztanleak hasi ziren erosten. Litro bat esne aberastasunaren ezaugarri bihurtu zen. Esne markek ere bere lana egin zuten eta publizitate-kanpaina errepikatzailea abian ipini zuten. Oraingo iskanbilan zerikusia duten merkatuko hiru lidergoek kirolari ospetsuez eta izen handiko aktoreez baliatu ziren esnearen onurak goraipatzeko.
Laktosa jasaten ez dutenen ehunekoa handia bada ere, salmentak igo egin dira etengabe azken bost urteetan. «Sektorearen garapena izugarria izan da, hein handi batean Gobernuarekin laguntzari esker», deritzo Yang Fanek ekonomia adituak.
2006an, Wen Jiaobo lehen ministroak bere ametsa txinatar bakoitzari litro bat esne eman ahal izatea zela adierazi zuen. Bi hilabete geroago, Mengniu ekoizleak, iskanbilan sartuta, nekazaritza-guneetan esnearen kontsumoa diruz lagundu zuen.
Egun, ume txikiek apenas afaltzen dute betiko arroza, sesamoa edo soja. Horien ordez, esne hautsa hartzen dute.
White Rabbit markadun goxoki ospetsua saltzeari utzi diote Txinan badaezpadako neurri gisa. 1972an AEB-etako presidente Richard Nixoni bat eman zioten Txinara bidaia egin zuenean.