Patxi Uribarren karmeldarrak beteko du Henrike Knorr zenaren aulkia Euskaltzaindian
Henrike Knorr zenaren aulkia betetzeko bozketa egin zuen atzo Euskaltzaindiak eta, gehiengo osoarekin, Patxi Uribarren euskaltzain oso izendatzeko erabakia hartu zen.
GARA | BILBO
Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean-Louis Davant euskaltzainek proposatuta, Patxi Uribarren euskaltzain oso izendatu zuten atzo Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren. Henrike Knorren hutsunea betetzeko beste hautagai bat zegoen: Blanca Urgell irakasle gasteiztarra, Patxi Goenagak, Joseba Lakarrak eta Lourdes Oñederrak proposatuta.
Patxi Uribarren aramaioarra (1942) karmeldarra da. Filosofia eta Letretan lizentziatua -tesi txikia egin zuen bere sorterriko toponimiari buruz- eta Teologian lizentziatua. Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile ofiziala izana da, 1983tik 2007a arte. Euskararen aldeko jarduera askotan esku-hartu du. 1965ean, «Gogoz» aldizkaria abiatzen lagundu zuen eta zuzendari ere izan zen 1968ra arte. 1976an Deustuko Irakasle Eskolan sartu zen eta euskararen irakaskuntza antolatzea izan zen bere eginkizunetako bat. 1978an, euskal filologia eta euskal adarrak jartzeko ekimenean parte hartu zuen. HEZIren, Hezkuntza Zientzien Institutuaren, eskutik, goi mailetako ikasleentzako udako ikastaro trinkoak prestatu zituen, baita titulurik gabeko irakasleentzako karrera egiteko bideak bultzatu ere. Alfabetatze, dialektologia eta morfosintaxi klaseak eman ditu. Bostak Bat kultur elkarteko sortzaileetako bat da. Arabako Aldundiko Kultura Batzordeko kide, 1971ko udazkenean izendatuta, «Klasikoak» liburu-sortarako itzuli beharreko liburuak aukeratzeko sortutako batzordeko kide, eta Euskararen Kontseilua erakundearen sortze-lanetan ari da eta hango kide da hasieratik (1998) «Karmel» aldizkariaren izenean.
EIE Euskal Idazleen Elkarteko kide ere bada (1982tik), baita EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartekoa ere, 1987tik. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1971n, eta erakundean bertan, zenbait batzordetan parte hartu izan du, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan: Irakaslegoa, Lexikologia Erizpideen Finkapena (LEF), Onomastika, Alfabetatze-Euskalduntzea, Elebitasun Harremanak, Oinarrizko Euskara.
Biltzarra Iruñean
Bestalde, Euskaltzaindiak datorren astean, urriaren 6tik 10era, egingo du bere XVI. Nazioarteko Biltzarra Iruñeko Baluarte Batzar Jauregi eta Auditoriumean. Biltzarraren izenburua "Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina" izango da eta Pirinioetako mendikate zabalaren bi aldeetako hizkuntzak eta kulturak ikertuko dira bertan. Akademiako iturrien arabera, Biltzarraren sarrera-hitzaldia Michael Metzeltin Vienako Unibersitateko irakasle eta erromanista ospetsuak egingo du «Las lenguas de los Pirineos» izenburupean. Horrez gain, maila handiko adituak izango dira. Biltzarra irekia izango da eta nahi duenak entzule gisa joateko aukera izango du. Matrikula doan da, baina aurretiaz izena eman behar da (urriaren 2ra arte) entzule gisa parte hartzeko, 94 415 81 55 telefonora deituz edo xvi_biltzarra@euskaltzaindia.net helbide elektronikoan jakinaraziz.
1965ean, «Gogoz» aldizkaria abiatzen lagundu zuen eta zuzendari ere izan zen 1968a arte. Garai hartan, Karmeloko euskal mezarako materiala prestatzen, ipuinak euskaratzen eta alfabetatzen jardun zuen, eta Santutxuko gau-eskoletako koordinatzaile izan zen hamabi urtez.
Hitzaldiak ez ezik, musika emanaldiak eta ekitaldi osagarriak ere izango dira Iruñeko Biltzarrean, bai eta teknologia berriei buruzko mahai-ingurua ere. Bestalde, Henrike Knorr zena ere omenduko dute biltzarkideek, «In Memoriam Henrike Knorr» ekitaldian.