Frantziar estatua, Batasunaren aurka
«Politikari eta kazetari orok salatu behar du basakeria hau»
Nola sentitzen zara une berezi honetan?
Alde batetik haserre, berriz ere errepresio itsu baten aurrean garelako. Bestalde, gogotsu eta indartsu, herrietan ehunka kideren elkartasuna bildu delako. Horiei guztiei nire agurrik beroena eta abertzalea luzatu nahi diet. Segi horrela!
Polizia zure etxera joan da. Euroaginduarengatik izan dela uste duzu?
Polizia eta salbuespeneko jujeak, jarduera politikoa oztopatzera, izutzera eta Euskal Herriaren ahotsa isilaraztera etorri dira. Medio eta aitzakia anitz erabiltzen dituzte: garai batean mikroak Batasunaren egoitzetan (Baionan, Bruselan, Gasteizen), muntaia polizialak Ostape-Ducasserekin Kalakako afera, kasu. Eta aste hauetan, euroaginduak, ilegalizazioak, bankuko kontuak blokeatzea, gaztetxoei konbokazioak eta presio psikologikoak Jendarmerietan edota auziak -Laborantza Ganberarena, kasu-. Loteria horretan nehork ez daki zerekin joko duten zanpatzaileek.
Badira hilabete batzuk beste hainbat herritar bezala, zure kontuak blokeatuta dituzula, eta orain atxiloketa saiakera. Bi aferak lotuak al dira?
Daukaten lotura bakarra politikoa da. Batasuna eta bere proiektu politikoa geldiaraztea. Blokeatu dituzten kontu guztiak zuzenak eta garbiak dira, badakite hori. Neurri horrekin ez gintuztelako makurrarazi, egun atxilotu nahi gaituzte. Baina herriak argi duelako bidea, borrokan segituko dugu eta Batasunak aitzina segituko du.
Zure ustetan, zer dago zehazki operazio hauen atzean?
Muntaia politiko-juridiko eta mediatikoa da. Egun berean Alliot-Marie eta Rubalcaba Barne-ministroak bildu izana ez da kasualitatea. Kalkulatua zuten, salbuespeneko jujeak diren Le Vert, Houyvet eta Bruneaud haien erranetara arituz. Herritar orok bi gauzez ohartu behar du. Lehena, «demokrazia» batean bagara, nola da posible inpartziala izan behar lukeen Justizia polizia-buruen agenda berarekin aritzea? Bigarrena, zein «demokraziak» ditu bere baitan salbuespeneko auzitegiak? Turkia bezala!
Sekulako nahastea dago atxiloketak argudiatzeko aurreratzen diren arrazoi juridikoetan. Zer deritzozu?
Alde batetik nahitara egiten dute, jendeak ke gabeko surik ez dela pentsa dezan. Baina bestetik, nahaste-borraste horrek agerian uzten du seriotasun falta. Frantziak, frankismoaren garaiko politika egiten duen espainiar Estatuaren ikasle. Ez dituzte formak ere errespetatzen. Atxiloketen goizean, Lapurdiko herri handi bateko auzapez izan den ezagun batek hauxe erraten zidan telefonoz: «Ez du lotsarik jujeak? Zartatu ez zuen kanping-gas batentzat hamalau pertsona arituko baliran ekintza burutzen... Zirko bat da hau!»
Badirudi Estatu frantsesean ez dela espainolean bezain argi egiten lotura Batasunaren ilegalizazio saiakerarekin. Uste duzu Paris prest dagoela benetan horrelako urratsa egiteko?
Bai. Izugarri larria den bidea hartu du Estatu frantsesak, bere interesen arabera alderdiak eta proiektu politikoak deuseztatuz. Demokrazia eta giza-eskubideen zutoin bat apurtzen ari da honekin.
Lekuko hautetsi eta politikari batzuek, eskuineko hainbatek ere, ez dute oso argi ikusten hau guztia. Jarrera horrek zerbait alda dezake?
Demokrazian sinesten duen herritar, politikari eta kazetari orok salatu behar du basakeria hau, egiazko demokraziaren defendatzaile baldin bada bederen. Ez gaude alderdikerien jokoetan, herritarren giza-eskubi- deez ari gara eztabadaida honetan. Kazetariak ere interpelatzen ditut, isilik egote eta ez informatzea askatasunaren urra- ketaren babesle izatea baita. Denen jarrera argi ikusi behar da, erantzuteko eta arduraz aritzeko unean gaude.
Nola ikusten duzu geroa?
Oso argi. Ezker abertzaleak bere historia luzean beti bizi izan du errepresioa, Gerla Zibiletik gaurdaino, Francorekin edo ondorengoekin, baita frantziar indarkeriarekin, izan eskuin edo ezkerrekoa. Baina lelo bat atxik dezagun: borrokarik gabe garaipenik ez. Garaipena konponbidea da, justizia eta askatasunaren errespetuan Euskal Herria- rentzat bakea lortuz. Hori da gure engaiamendua, eta ez gara kikilduko.