GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Prozesu parte-hartzaile, nazional eta demokratikorako urrats berria

Parte-hartzailea eta gertukoa izateko helburuarekin, aurtengo Nazio Eztabaida Guneak toki zein esparru ezberdinetan eztabaidarako eta ekarpenak jasotzeko bilkura publikoak egingo ditu urriaren 25era arte. Euskal Herria nazio aitortua izateko bidean estrategia baten beharraz eta nazio gisa bidea egiteko beharraz hausnartuko dute. Mugarria, Iruñeko Golem zinemetan jarriko diote Nazio Eztabaidari, jasotako ekarpenekin adostasunean plan bat eratzeko.

p014_f01_250x120.jpg

GARA |

«Euskal Herriko egoera aztertzeko eta erronkak finkatzeko asmoz», bosgarren urtez egingo da Nazio Eztabaida datozen asteotan. Aurtengo saioa, aurreko urtekoaren ildo beretik joango da. Iazko eztabaida, testuinguru zailean burutzeaz gain, inflexio une bat izan zen; nazio erakuntzarako estrategiaren nondik norakoak berregokitzeko baliatu baitzen nagusiki. Aurtengo Nazio Eztabaidan lehen hartutako bide hori «indartzea, trinkotzea eta eraginkorragoa izatea» bilatuko dute. Eztabaida aberatsa izan dadin eragile zein pertsona ugarirekin «harreman dinamika» eratuko dute.

Hilabetez hainbat forotan ekarpenak jaso ostean, aurtengo Nazio Eztabaidaren mugarri nagusia Iruñean egingo den Osoko Bilkura izango da. Bertan, egungo testuinguru politikoaren azterketa egiteaz gain, egindako ekarpenak kontuan hartuta plana adostuko dute.

Eztabaidaren abiapuntua momentuko testuinguru politikoa izango da. Nazio Eztabaida Guneko kideen hitzetan «Euskal Herriak une garrantzitsua, baina, aldi berean zaila bizi du». Izan ere, «bi estatuen zapalkuntza iraunkorraren barnean, neurri eta eraso gehiago jasaten ari gara». Estatu espainolaren zein frantsesaren eskutik Euskal Herriak jasan dituen hainbat eskubide urraketa adierazgarritzat jo dituzte gaur egungo egoera ulertzeko. Azkenaldian «ohiko» egiten ari dira, Batasuneko kideen atxiloketak eta espetxeratzeak, makroepaiketa nahiz epaiak -hala nola 18/98, amnistiaren aldeko mugimendua, Udalbiltza eta Euskaldunon Egunkaria-.

Euskal Herriaren aurka

Zapalkuntza horren adierazletzat aipatzen dituzte azken hileetan izandako hainbat gertakari. Bilbon, Donostian, Durangon... hainbat instituziotan bandera espainola ezartzeko estatu espainolak emandako urratsak, esate baterako. Horren lekuko dira, era berean, euskararen egoera larria berresten duten datuak, batez ere, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Emakumeen eskubideen aldarriaren kontrako jazarpena, egoera zail horren isla da, halaber, Nafarroan martxoaren 8an izandako gertaerak kasu. Nazio Eztabaida Gunearen ustez, egoera horren adierazle dira hezkuntza sistema nazionala eraikitzeko urratsek izaten dituzten oztopoak ere bai, nazioartean Euskal Herriak nazio gisara ezin izatea jardun, lehen sektorearen etorkizuna larri baldintzatzen duten neurriak hartzea, Laborantza Ganberaren aurka hartu duten bidea...

Horren guztiaren aurrean, Euskal Herria egituratu eta bere buruaren jabe izateko ahaleginak ageri dira. Esate baterako, Udalbiltza berregituratzeko ahaleginak, ikurrinaren alde abian jarritako herri ekimenak edo Euskal Unibertsitatea sortzeko emandako urratsak. Euskal Curriculumaren definizioan aurreratutakoa, Euskal Selekzioaren aldeko aldarriaren indarra edo Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Kartaren definizioa ere esanguratsuak dira.

IRUÑEA MUGARRI

Aurtengo Nazio Eztabaidaren mugarri nagusia Iruñean egingo den Osoko Bilkura izango da. Bertan, testuinguru politikoaren azterketa egiteaz gain, planaren adostasuna erdietsiko dute.

ahaleginak

Euskal Herriak jasaten dituen eraso guztien aurrean, egituratzeko eta burujabe izateko ahaleginak ageri dira. Hala nola, Udalbiltza berregituratzeko egiten ari diren ahaleginak, edo ikurrinaren aldeko ekimenak.

Lurraldetasuna ardatz hartu, eta marko berriaren bila

Eztabaidaren oinarrietako bat izango da 2008-09 urtera begira eratutako Nazio Plana. Bertan urteko planaren hainbat helburu nagusi biltzen dira. Hasteko beharrezkotzat jotzen dute Euskal Herriaren aldaketa eta euskal nazioaren garapena ahalbidetuko duen burujabetzaren premia gizartean zabaltzea. Era berean, lurraldetasuna izango da nazio eraikuntzako estrategiaren zutabe nagusia. Horretarako, nazio osoko indarrak bildu eta aktibatu behar dira, sektore arteko elkarlanaren bideak sakonduz.

Bestetik, urteko planaren egitasmoak eta urratsak ere jasotzen dira Nazio Planean. Euskal Herriaren eraikuntzaren egitasmoetako batek zerikusia du Euskal Unibertsitatearekin, horren onarpen legala bultzatzeko. Bestetik, zazpi herrialdeen arteko auzolana posible izan dadin urratsak ematea beharrezkotzat jotzen da. Horretarako, auzolana garatzeko gune nazionala sortuz, arrantza sektorean, besteak beste, lurralde guztietako ordezkariak izango dituen mahaia eratzea. Sozializazio eta aktibaziorako egitasmoak ere biltzen dira planean; hain zuzen ere, herri plaza, Aberri Eguna eta nazio plazaren nondik norakoak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo