GARA > Idatzia > > Kultura

«Golgota», XX. mendeko historia miseria guztiekin, Xabier Montoiaren nobela berrian

1936ko udan hasi eta XX. mendearen amaiera arte irauten duen istorioa idatzi du Montoiak. Gizakiaren ankerkeria bere biluztasunean erakutsi du etengabeko biktima den protagonistaren bidez.

GARA | DONOSTIA

Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Elkar Aretoan, Xabier Montoiaren azken lana Xabier Mendiguren editore eta idazleak eta Beñat Sarasola kritikariak, Elkar argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean egon ez zen egileak urteetako gerra sufritu duen emakume baten istorioa kontatzen du. Protagonista, Felisa, moja sartuko da. Baina Mendigurenek esan zuenez, Montoiak ez ditu moja baten gorabeherak kontatu liburuan.

Izan ere, «hasteko», lau pertsonaiak osatzen dute nobela. Alde batetik Felisa dago. Gero, Gorriaren alaba; Elena, ahizpa eta, azkenik, izenik gabeko beste bat, amaiera aldera agertzen dena. Berezitasuna Mendigurenen esanetan zera da: «Lau pertsonaia horiek gorputz bakarrean biltzen direla». «Golgota»ko protagonistak sufritzen duen «kalbarioa» azpimarratu zuen idazleak. Felisa umea zenean, falangistak bere etxean sartu eta aita eta ahizpa zaharrena eraman zituztenetik amaiera arte biziko duen kalbarioa, alegia.

Gainera, Montoiak beste lan askotan agertu dituenen antzeko kezka eta obsesio soziopolitikoak ere badaude hemen, Mendigurenen esanetan. Esate baterako, «Gasteizko hondartzak» eta «Hilen bizimoldea» trilogian jorratzen den garaia lantzen da gutxi gorabehera hemen ere.

Gerra Zibila

Bestalde, nobela Gerra Zibileko biktima ahaztuen arazoarekin lot daitekeela ere adierazi zuen, eta «zenbaitzuen ahaleginei esker, azkenaldian apur bat berreskuratzen» ari dela azpimarratu zuen. Hori dela eta, hasiera batean mojaren istorioa dela eman arren, gaurkotasunik falta zaionik ezin dela esan adierazi zuen.

Xabier Montoiak aldi berean ekin zien musikari eta literaturari 1980ko hamarkadan. Literaturan ipuin-bildumak, nobelak zein poema-liburuak ere argitaratu ditu. Euskadi Saria lortu zuen 2007an «Euskal hiria sutan» nobelarekin. Azpimarratzekoa da «Bingo» (poemak 1981-2000) izenburuarekin argitaratu zuen poesia-bilduma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo