GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Eta aste honetako hitza da... aitzina

Eskualdez eskualde, herriz herri, bere gordintasun osoz agertzen zaigu errepresioaren mapa Euskal Herrian. Ezterenzubi, Iruñea, Uharte, Garazi, Bidarrai, Barañain, Jutsi, Buzune, Aiherra...

Gau ilunean batzuk, egunsentian besteak, uniformedunek kolpez kolpe jokatzen dute aspaldi erabakitako bide hutsalaren azken errepika. Armak eskuetan dituztelarik, dagoeneko ezkuta ezina bihurtu den nazioaren aurpegia bere osotasunean agerrarazten dute. Birtualki bada ere, jujeen joan-etorriek mugak desagerrarazten laguntzen dute. Ateak bortizki joz, estatuek osaturiko susmagarrien zerrenda amaigabean bere burua sekula santan kokatuko ez luketen herritarrengan harridura, kezka eta, gero eta gehiago, asaldura, sortzen dutelarik.

Bata bestearen atzetik kateatzen diren sarekadak independentistak bere bidetik aldentzeko guztiz hutsalak direla bistan da. Hala ere, ez-informazio gizarteak bazterrean utzi nahi dituen herritarren gogoetak eta arrangurak isiltasunezko esparrua okupatuz doaz. Eskualdez eskualde eta herriz herri egungo egoera gainditzearen sentimendua nagusitzen da, eta benetako erronka hor kokatzen da: jendearen bizipenak eta sentimenduak ezin baitira baztertu, bigarren mailako merkantzia balira bezala.

Aldiz, politika eredu zaharkituak atzera uzteko bidean bihotz taupada baino energia jasangarriagorik ez dut ezagutzen. Azkeneko gertakizunen harira herritar xumeengandik jasotako elkartasun keinuek ongi erakutsi didate bidelagun faltarik ez dagoela... baita herritarren barruko indarra askatzeko lan franko egiteke dagoela ere.

«Aste honetako hitza..... aitzina da». Horixe dio jaio berri den kazeta.info egunkari elektronikoaren posta-kutxan jaso dugun zoriontzeko mezu batek. Bidaltzaileari baimenik eskatu ez badiot ere, honako honetan bere sostengu oihuaz jabetuko naiz. Ez enetzat, baizik eta justizia gabeko soldaduek zuzentzen dituzten harrapaketen artean bizi den ororentzat. Baionan ala Bilboko karriketan martxatuz, etorkizuna bestelakoa izan dadin nahia berpizten duzuen guziontzat. Eta, bereziki, amodioa mendekuaren kiratsaz zikindu nahi dutenen aurrean, ama izateko hautu ezin libreago hartu duzun zuri... Aitzina!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo