Julen MURGOITIO
Egur gehiago! badago?
Oraintxe bertan bota dut Ekonomia Hiztegia komuneko zulotik, deskargari bi biderrez eutsita. Paperontzira botatzea pentsatua nuen hasieran baina baztertu egin dut, hiztegi horren hitz hutsak erreziklatzetik ezer onik atera ezin daitekeelakoan. Hain da handia hitzok sortu duten nahasmena! Horra! balore-krisia dagoela nago entzuten alde guztietatik, eta nik baietz! nik ere horrela ikusten dudala, baina ekonomistekin estreinakoz bat natorrela pentsatu dudanean hara! balore desberdinez gaudela konturatu naiz!, eurek burtsako baloreak baino ez baitituzte krisian, edo hobeto esanda, baloreon balioak. Ama, ama! Orain urte asko mendi-bidera ateratzen ziren, aurpegia erdi estalita, arriskua gozatuz, tipo jatorrak «poltsa ala bizia?» oihupean, eta ibiltariak normalean poltsa ematen zien. Orain urte gutxi hiri handiko etorbide nagusira ateratzen dira, eguerdiz, aurpegia agerian, arriskurik ezean, bestelako tipoak «burtsa ala bizia?» mehatxuan, eta kaletarrak normalean bizia ematen die. Azkeneko tipo hauen diru-interesa da diruaren interes-tipoa baldintzatzen duena, nik azken asteotan irakurria ondo ulertu egin badut behinik behin. Hala ere, ez nago seguru. Zeinek ulertu dezake gaurko kristoa? Kristaua ez denaz aparte esan nahi dut. Begira, ekonomiak oinarri solidoak behar dituela nago wall street guztietatik entzuten, baina horretarako zer proposatu eta... likidotasuna! Zelan izan daiteke solidoa likidoa behar duena! Ene, ene! Non demontre izan nintzen ni klaseko egun hartan? Klaseen borrokari buruzko mintegiren batean, seguruenik, Marx anaien testuak eskuan. Tira, harira! ekonomiak ondasunak sortzen omen ditu, bai zera! eta hondamenak ere, batak eta besteak modu diferentean banatuz, gainera. Hortaz, ez nau batere harritzen ekonomiaren desazelerazioa azeleratuz joateak, zelan harritu bada diruari berari ere prezioa jarri diotenean? Sosak sos sos-deia hasi da. Hau akabua! Noiz ulertuko dute ekonomistek krisiaren funtsa zein-non den! Gaurko ekonomiak ez du oinarririk garai bateko oin-harriak erauzi egin dituelako harrobian, guztiz. Bagoi guztietako egurra erre dute egur gehiago! oihupean trenaren makinak metro gutxi batzuk gehiago egin zitzan, gelditu den arte. Street-arrak behin eta berriz wall beraren kontra; euren buruaz izan bedi sikiera! Tabernara noa kakatan nire komunak ataskatuta segitzen du eta.