GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Asier Azpilikueta Ekologistak Martxan

Zirkulazioa baketze aldera

Auto kopurua txikitzeak bizimodu osasungarriagoa ekarriko du biztanle guztiendako; aire garbiagoa, zarata gutxiago eta toki handiagoa jendearendako

Kasik oharkabean joan zitzaizkigun, irailean, Mugikortasun Astea eta Autorik gabeko Eguna. 2000. urtetik Europako Batzordearen babesa du Autorik gabeko Egunak, baina duela bi urtetik apenas egiten dio aipamenik, Astean indarrak jarrita, horrek ez baitu batere molestatzen. Adibidez, www.mobilityweek.eu webgune ofizialean, bi urte daramatzate Egunean parte hartzen duten hiriak zenbatu gabe. Erraza baita mugikortasun iraunkorraz hitz egitea; ez, ordea, praktikan jartzea.

Hastapenetan, hedabideen arreta erakarri zuen Autorik gabeko Egunak. Eta ika-mika interesgarriak sortu ziren kaleak mozteari buruz. Batzuk iragarri zuten kaosa sortuko zela. Baina auto gidariek paso egin zuten eta toki gehienetan kaleak mozteari utzi zioten. Eta sekula praktikatzen ez duten mugikortasun iraunkorraz hitz egiten hasi ziren. Apenas egiten dituzten hiriko autoen kopurua txikitzea proposatzen duten mugikortasun politikak. Kontrako bidean, praktikan jartzen dituzten politikek autoaren nagusitasuna areagotzen dute. Eta garraio publikoaren alde, bizikletaren alde edo oinezkoen alde hartzen dituzten neurriak xumeak izaten dira, bakartuak; gutxiegi joerari buelta emateko.

Goazen, bada, lagunak egitera. Proposa dezagun zebra-bide guztiak goratzea, behar bezala seinalatzea eta argiztatzea. Proposa dezagun semaforoa duten bide guztietan oinezkoek eta autoek bidegurutzea zeharkatzeko denbora tarte berdina izatea. Proposa dezagun espaloiak zabaltzea eta hiri osoan egitea bizikleta bideak eta aparkalekuak. Proposa dezagun maiztasun handiko garraio publiko eraginkorra. Proposa dezagun zirkulazioa «oztopatzea», abiadura handiak hartzeko modurik egon ez dadin. Proposa dezagun hiri konpaktuak eraikitzea, eta ez «ekohiri» barreiatuak -Sarriguren saritu berriaren gisakoak-, autoa edozer gauzatarako hartzera behartzen baitute jendea. Proposa dezagun oinezkoentzako gune gehiago sortzea edo 30 kilometro orduko abiadura muga duten guneak...

Zenbat lagun egin ditugu? Ez dago jakiterik, bigarren proposamena egiterako gidari batzuek leporatu baitigute «oinezkoek nahi duten tokitik zeharkatzen dutela errepidea!» edo «bizikletek ez dituztela semaforoak errespetatzen!». Ongi. Ekin diezaiogun lehenbizikoari. Iruñeko Udalaren arabera, 2007an 166 oinezko harrapatu zituzten hirian, 140 arin zaurituz, 42 larri zaurituz eta hiru hildako eraginez. Hiru hildako. Bada, harrapaketen %65 auto gidarien erantzukizuna izan ziren, 98tan zebra-bideko lehentasuna errespetatu ez zutelako, nahiz eta horren gaineko araua argia den. Eta hara non Iruñeko Udalak bide segurtasuneko plan bat abiatu duen harrapaketak gutxitzeko, eta estreinako informazio kanpaina biktimei begira egin duen. Eta hauxe diote: «Arriskua uste duzuna baino handiagoa delako, urrats bat egin aurretik, birritan pentsatu; eskuinera eta ezkerrera». Irudian oinezko bat ageri da, errepidea zeharkatzen, zebra-biderik ez dagoen toki batetik. Hori ikusita, zer erranen dute egin beharrekoa egiteagatik iaz harrapatu zituzten 98 pertsonek?

Halaber, egia izan daiteke ziklista askok semaforo gorriak zeharkatzen dituztela dioen salaketa. Baina egia da, era berean, auto askok bidegurutzeak zeharkatzen dituztela nahiz eta argia gorri edo hori egon. Arauak zera dio: «Intermitente ez dagoen argi hori baten aitzinean, ibilgailuek gelditu behar dute, argi gorria denean egiten duten baldintza berdinetan». Hartara, arauak ez du erraten argi horia ikusten dugularik azeleratu behar dugula, ezta gorritu berritan ziztu bizian pasatu behar dugula ere. Baina egin proba eta ikusiko duzue zenbat autok egiten duten bizikletei leporatzen dieten hori. Eta nork darama esku artean arma hiltzailea izan daitekeena, ziklistak ala auto gidariak?

Ikerketa gehienek frogatu dutenez, batez ere ibilgailuen gas igorpenek sortua da hirietako airearen kutsadura. Nitrogeno dioxidoa (NO2), ozono troposferikoa (O3), eta esekidura partikulak (PM10) dira hirietako airearen gai kutsakorrenak; esekidura partikulek, adibidez, osasun arazo larrienak sortzen dituzte. Beraz, legeak eskatzen dituen aire kalitatearen hobekuntza planak egitea da kutsadura maila txikitzeko era bakarra. Plan horiek, nahitaez, erantzule nagusiak diren autoen kopurua murriztu behar dute. Auto kopurua txikitzeak bizimodu osasungarriagoa ekarriko du biztanle guztiendako; aire garbiagoa, zarata gutxiago eta toki handiagoa jendearendako. Hartara, zirkulazioa baketu behar da. Guztion onerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo