Udazken hasi berriak goi mailako zuzeneko jazz emanaldiz beteko du Bilbo
Uda giroaz landa, jazz doinuak urte osora zabaldu nahi izan ditu Bilbao 700-III Millenium fundazioak. Hirian zehar sakabanatutako oholtzetan hamasei talde eta hogeita hamar zuzenekotik gora aurkeztuko ditu abendura bitartean. Hitzorduak Arriaga antzokian, Kafe Antzokian, Guggenheim museoan, Deustuko Unibertsitatean eta Elkarte Filarmonikoan izango dira, baita hiriko lau hotel ezagunetan ere. Hasteko, bihar joko du Elianes Elias brasildarrak, Arriagan.
Anartz BILBAO | BILBO
Bilboko udazkena jazz musikaz zaletu da antza, eta hiriko bazterrak musikaz zipriztinduko ditu datozen hiru hileetan, Bilbao 700-III Millenium fundazioak hirurehun mila euroko aurrekontuarekin garatu duen «365 Jazz Bilbao» egitarauari helduta. Udako jaialdiei itzal egiteko asmorik gabe, eta jazz irrikaz den publikoa egon badagoelako, antolatzaileek jazza urte osora zabaldu nahi dute egitarau honekin, eta, hala, hiriko kultur eskaintza aberastuko dute agertoki ezberdinetan garatuko diren hogeita hamalau zuzenekoen bitartez.
Egitarau oparoak bi atal ezberdintzen ditu. «Gold Jazz» da bata eta «Capital Jazz» bestea. Urrezko jazzaren atalean (sarrerarekin, noski), Elianes Elias brasildar pianistak emango du lehenengo zuzenekoa, bihar bertan, Arriagan, eta plazaratu berri duen «Bossa Nova Stories» (Blue Note) aurkeztuko du.
Ez dira makalak ilehoriaren ondotik bisitatuko gaituzten kontrabaxistak. Ron Carter dugu bata, eta Dave Holland bestea. Lehenak urriaren 16an joko du Bilboko Elkarte Filarmonikoaren oholtzan. Estatu Batuetako Michiganen jaioa, lau hamarkada daramatza Carterrek kontrabaxua astintzen eta Miles Davis maisuaren bigarren boskotean parte hartutakoa da, besteak beste, Waine Shorter eta Herbie Hancockekin batera. Beste horrenbeste esan daiteke Holland britainiarrari buruz. 1960ko hamarkadan John McLaughlinekin jotzeaz gain, Davisen «In A Silent Way» eta «Bitches Brew» lanetan parte hartu zuen-eta. Orain, urriaren 31rako, Kafe Antzokian jarri du hitzordua.
Azaroaren 6an Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan joko du Patricia Barber abeslariak. Chicagoarrak 1992az geroztik Blue Note zigiluan argitaratzen du eta urte horretakoa du «A Distortion of Love» lehen arrakasta. Geroxeago du Josetxu Goia-Aribe nafarrak txanda. Musikeneko irakasle eta saxofoi-jotzailearen laukoteak «Los pendientes de la reina» lana eskainiko du Arriaga antzokian, azaroaren 10ean.
Azaroa bukatu aurretik, Nils Petter Molvaer eta Abdullah Ibrahim ere Bilbon izango dira. Berrogeita zortzi urteko tronpetari norvegiarrak zaleak harritu zituen «Khmer» lan berritzailearekin, 1997an, eta «Re-Vision» aurkeztuko du orain Guggenheim Museoan, azaroaren 21ean. Nagusiagoa dugu Ibrahim hegoafrikarra, 1934an jaioa. Bere gorenean dagoen pianista New York hirian bizi da egun, eta langile borrokatua, egitasmo berriekin hara eta hona dihardu, kontzertuak eman eta eman. «Urrezko egitaraua» Brotherhood Singers gospel talde kentuckyarrak itxiko du abenduaren 9an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan.
Doako eskaintza
«Capital Jazz» egitarauak ere eskaintzen du zer gozatu, horren ezagunak ez baina gertuagokoak ditugun musikariekin. Bertan parte hartuko dutenen artean dugu Andrzej Olejniczak euskal-poloniarra, egun Leioan eta Musikenen maisu den saxofonista. Baita Jose Luis Canal bilbotar pianistaren laukotea, eta Mario Clavell Larrinaga flautistak sortu Gintonic taldea ere. Euskal Herrikoak dira Miguel Salvador gitarristaren laukotea eta Turbojazzeros hirukotea ere.
Bartzelonatik Night Train Trio eta Sergi Sirventen hirukoteak bertaratuko dira Bilbora, eta Kubatik berriz, Vistel Brothers. Hesperia Bilbao, Domine, Sheraton eta Indautxu hoteletan joko dute talde hauek guztiek, doan.
Ohikoagoak ditugun oholtzez eta ospe handiko musikariez gain, etxeko makina bat musikarik hartuko du parte Hesperia Bilbao, Sheraton, Domine eta Indautxu hoteletan garatuko diren doako zuzenekoetan
Artista: Elianes Elias.
Data: Bihar, astelehena.
Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo).
Ordua: 20.00etan.
Sarrera: 7,20/9/12/15/16,80/ 21/30 euro.
Informazioa osatzeko: www.365jazzbilbao.com.
La pianista de Sao Paulo, que actualmente reside en Nueva York, presentará en el teatro bilbaino su nuevo trabajo, en el que repasa sonidos de bossa nova para el prestigioso sello de jazz Blue Note con motivo del cincuenta aniversario del género.
Elias, quien en su día estudió con Toquiño y el poeta Vinicius de Moraes, debutó junto a Randy Brecker en 1984, con «Amanda». Ha publicado casi una veintena de trabajos, quince de ellos para el sello Blue Note, además de realizar duetos con artistas de la talla de Herbie Hancock o colaborar con Joe Henderson, Andy Summers o James Taylor, entre otros. A. B.