Batasunak beldurrik gabe erantzungo die Estatu frantsesaren erasoei
Ipar Euskal Herrian Batasunaren aurka izandako azken gertaeren ostean, biltzarra egin zuten atzo goizean, Uztaritzen. Gertatutakoaren hausnarketa egin, eta etorkizunerako urratsak finkatu zituzten.
Janire ARRONDO |
Ehun bat lagun bildu ziren atzo goizean, Batasunak Uztaritzen egin zuen batzarrean. Bertan, «azken atxiloketa operazioari buruzko hausnarketa sakona egin, eta hemendik aurrerako urratsak finkatzen» saiatu ziren. «Estatu frantsesaren errepresioari» nola egin aurre eztabaidatu zuten.
Beraien hitzetan, «Estatu espainola presio handia egiten ari da Estatu frantsesari, Ipar Euskal Herriko Batasuna ilegalizatzeko». Hala ere, «Estatu frantsesak ere badu interesik horretan». Uztaritzeko biltzarrean ondorioztatu dutenez, hainbat dira Estatu frantsesak interes hori izateko arrazoiak.
Batetik, duela bi urte Batasunak egindako Autonomia proposamena, «Estatu frantsesari ere helarazia». Proposamen horren bitartez, «Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeen onarpen instituzionala» eskatzen zuten. Batasuneko kideak orain ari ziren Ipar Euskal Herrian proposamen hori gizarteratzen. Beste alde batetik, azken hauteskundeetan Euskal Herria Baik lortu dituen emaitzekin, «Estatu frantsesak ikusten du hemen badagoela abertzaleen aurrerapen bat», azaldu zuten Batasuneko kideek, «eta hori ez zaie gustatzen».
Aurrera begira
Orain dela hilabete, 2008-2009 ekitaldirako lan ildoak erabakitzeko batzar nagusia egin zuen Batasunak. Bertan, beste hainbat eragilerekin batera autonomia proiektua sozializatzeko asmoa hartu zuten, baita, etxez etxe proiektu horren informazioa banatzekoa ere. Bigarren lan ildo nagusitzat, Europako hauteskundeetara «herri gisa eta ezkertiar indar gisa» aurkezteko asmoa finkatu zuten.
Atzoko Uztaritzeko batzarrean, berriz, «estatu errepresioaren aurka erantzuteko» hainbat erabaki hartu zituzten. Batetik, Batasuna «zer den eta zer egiten duten azaltzeko» Ipar Euskal Herriko eragile guztiekin bildu, eta «azken gertaeren aurrean» jarrera hartzeko eskatuko diete. Bigarren erabaki garrantzitsua izan zen, Estatu frantsesean itzulia egitea, bertako eragile politiko eta sozialei Euskal Herriko egoera azalduz eta, horiei ere posizionatzeko eskatuz.
Errepresioari aurre egiteko hoberena «herri gisa antolatzea» dela azaldu zuten Batasunako kideek. Gaineratu zutenez, prest daude «datorrena hartzeko», ia segurutzat jotzen baitute atxiloketa gehiago izango direla, eta «kolpez kolpe» Batasuna desegiten saiatuko direla.
Denbora gutxian prestatutako batzarra izan arren, jende ugari bildu zuen atzoko Uztaritzeko batzarrak. «Estatu frantsesaren errepresioaren aurrean, jendea tinko eta indartsu dago».