GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jende ugari bildu du Sestaon euskal ezkontzak

Irailaren 25ean hasi zen Sestaon Euskal jaia, gaur arte luzatu dena. Ekintza ugari izan dituzte, baina batek aipamen berezia merezi du, atzo ospatu baitzen 10. Euskal ezkontza Ezkerraldeko herri honetan eta argi gelditu zen sestaoarren artean duen harrera ona, plaza bete zuten-eta.

p022_f02_097x164.jpg

Ruben PASCUAL |

Euskal ezkontza ospatu zuten atzo Sestaoko kaleetan zehar, irailaren 25ean hasitako Euskal Jaiaren testuinguruan. Aurtengoa, 10. edizioa du ospakizunak eta ez zen zalantza izpirik gelditu: denboraren joan-etorriak ez du jai hau kaltetu eta herritarren artean duen harrera ona baieztatu zuen beste behin.

Apaiza, idiak, dotea, argazkilaria, sardina-saltzaileak, zanpantzarrak... ez zen ezer falta euskal ezkontzan, eta 100 sestaoar baino gehiagok hartu zuten parte antzezpen erraldoi horretan.

Goizean hasi ziren, 11.30 aldera, Ezkerraldeko herri honetako kaleak girotzen, trikitixak, panderoak eta beste hainbat musika tresnak lagunduta. Bizpahiru taldetxotan banatuta egin zuten, eta ordutik sumatzen zen jendea ezteiliarrak noiz helduko zain zegoela. Izan ere, kalejirak karrika desberdinak igarotzen zituelarik, jendeak bere jarduna eten eta, irribarre batez begiratzen zion auzotarren jai giro alaiari.

Guztiek 12.30 aldera bat egin zuten, eta batu ziren azkenik ezkontideak, bata kalejira batean eta bestea bestean ibili ondoren.

Parte hartzeko deia

Alkateak hitza hartu eta aurreko urteetako bikoteei eskerrak eta zorionak eman ondoren, hurrengo edizioetara begira, jendea parte hartzera animatu zuen.

Ondotik, bertsolariek ere ohitura hau mantentzearen alde egin zuten, honakoa kantatuz: «Hamar urtez eginzazue gauza berbera / eta gu etorriko gara zorionak ematera».

Txalapartaren soinuak agurtu ostean, San Pedro plazara abiatu ziren eta bertan, dantzaldi labur batekin batera entregatu zen dotea. Geroxeago, Andra Mari elizan elkarri baiezkoa eman zioten Albertok eta Amagoiak, eurak izan baitziren aurtengo ezkontzako protagonistak.

Elizkizunaren ostean hasi zen jaia eta, aurretik hainbat auzotarrek iragarri zuten bezala «gauera arte luzatuko den parranda» hasi zuten, herri bazkarian indarra berreskuratu eta gero.

Hala ere, ezkontza ez zen izan ekitaldi bakarra atzokoan. Izan ere, Kasko plaza mukuru beteta zegoen goizean goizetik, bertan egin baitzuten artisautza azoka.

Gaurkoan, eguerditik aurrera Kasko plazan Nekazaritza azoka eta herri kirolak izango dira Euskal jaiari amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo