GARA > Idatzia > > Mundua

PKK gerrillak 15 soldadu turkiar hil ditu zaintza postu bati eginiko erasoan

Kurdistango hegoaldetik eginiko erasoan, PKK gerrilla kurduak 15 soldadu turkiar hil zituen Semdinli zaintzako postu militarrean. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak urgentziazko bilerara deitu zuen Armadaren buruekin emango duten «erantzuna» eztabaidatzeko.

GARA |

Ostiralean, gerrilla kurduak Turkiako Armadari eraso egin zion Hakkari probintzian, hego-ekialdean. Jo puntuan Semdinliko zaintza postu militarra izan zuten. Kurdistango hegoaldetik (egun Iraken iparraldea), misilak jaurti zituzten. Helmen luzeko armak ere erabili zituzten.

Soldadu turkiarrek erasoari erantzun egin zioten. Gudua gaualderaino luzatu zen. Turkiako Armadaren Estatu Nagusiak esan zuenez, 15 soldadu hil ziren eta beste batzuekin harremana galdu zuten, beraz ez zekiten hilik ote zeuden edo PKKren esku. Gerrillaren aldetik 23 hildako egon zirela gaineratu zuen. Erasoaren ondotik operazio militar zabala ipini zuen martxan.

Garrantzi estrategiko handikoa da postu hori. Iranetik 40 kilometrora dago, eta Kurdistango hegoaldetik lautara.

1992az geroztik, PKKak lau aldiz eraso egin dio . Azkena, maiatzean. Orduan, sei soldadu turkiar hil ziren. Ankarak segurtasuna areagotzea erabaki zuen. Hartara, bi helikoptero eta komando talde bat bidali zituen.

Abdullah Gül presidenteak bertan behera utzi zuen Estatu frantsesera datozen egunetan egin beharreko bidaia. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak ere Asiako hainbat herrialdeetara egin behar zuen bisita atzeratu zuen. Biak Armadaren buruzagitzarekin bildu ziren «erantzuna» eztabaidatzeko.

«Ordaindu beharrekoa edozein izanda ere, borrokarekin jarraituko dugu», nabarmendu zuen Gulek. Azken urtean, Pentagonoak eta Turkiak bien arteko elkarkidetza sakondu dute. Lehenak PKKren mugimenduen gaineko zuzeneko informazio zehatza eskaintzen dio Ankarari gerrillari kurduen kontra egiteko. Horrela, Kurdistango hegoaldeko zonalde menditsua hobeto kontrola dezake.

eztabaida

2007ko urrian, Kurdistango hegoaldea (Irakeko iparraldea) erasotzea baimendu zuen Legebiltzarrak. Asteazkeanean, Armadari urtebetez emaniko baimena luzatu ala ez eztabaidatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo