Sozietateen zergaren murrizketan EAk izan duen jarrera salatu dute
Iragan asteartean, Gipuzkoako Sozietateen gaineko Zerga %32,6tik %28an finkatzeko akordio batera iritsi ziren EAJ eta EA. Bigarren alderdi horrek aldez aurretik ipinitako oztopoak zirela-eta, orain EAk «inkoherentzia ideologikoaz» jokatu duela salatu du ezker abertzaleak. Bestalde, alderdi politikoaren ustez, berrikuntza fiskala aurrera eramateko behar den 89 milioi euroko diru kopuruak gastu publikoaren murrizketa ekarriko du berarekin.
GARA |
Ezker abertzaleak EAren «inkoherentzia ideologikoa» kritikatu zuen, joan den asteartean, EAJrekin batera, Gipuzkoako Sozietateen gaineko Zerga %28an ipintzeko adostu zuela-eta.
«Asaldagarria da sozial-demokratatzat definitzen den EA moduko alderdi batek akordioan parte hartzea. Are gehiago, duela gutxi arte haren kontra zegoela jakinda», adierazi zuen Ezker Abertzaleak.
Era berean, kritikatu zutenez, «EAk akordioa aurrerakoitzat jotzen du, baina hori aipatzen zuten lehen proiektuaren aurka egoteko arrazoi nagusitzat».
Beste alde batetik, ezker abertzalearen iritziz, «EAJren politika neoliberal honek presio fiskala are gehiago murriztuko du, Gipuzkoako errenta enpresarialen onuran».
Sozietateen gaineko Zergaren tasa nominala murrizteak duen «larritasunaren» atzean, ezker abertzalearen ustez, garrantzitsuena zergaren bidez lortuko den benetako diru-bilketa izango da. «Behin dagokien zerga-kenkariak eta zerga-hobariak baliatuta, enpresen kuotak ezarritako batez besteko benetako tipoa %17,5ean finkatu zen. Erreforma berriarekin %15,5ean geratuko da», aipatu zuen alderdi politikoak.
Europar Batasunari dagokionez, ezker abertzalearen ustez «neurri honek ez du Europarekiko bateratasun fiskala bilatzen». Izan ere, «Gipuzkoako egungo Sozietateen gaineko Zergaren tasa erreala Europako talde baxuenen artean dago, eta fiskalitate indizea Europako 15en baxuenena da», azpimarratu zuen alderdiak.
89 milioi euro
Berrikuntza fiskala aurrera eramateko 89 milioi euro erabiliko dituztela jakinarazi zuen alderdi politikoak. ezker abertzalearentzat horrek gastu publikoaren murriztea ekarriko du. Horrekin batera, gainera, euroaren eremuko gizarte desberdintasunak murriztu ordez, handitu egingo dituela gehitu zuen.
«Sozietateen gaineko Zergaren murrizpenek etxebizitza, osasuna, hezkuntza, arreta sozialerako zerbitzuak eta pobreziaren aurkako borrokaren ezinbesteko baliabideen murrizketa ekarriko du», azpimarratu zuen.
Horrez gain, «EAJk eta EAk adostutako neurriek, Europarekiko presio fiskalaren eta gastu sozialaren arteko aldea areagotzeaz gain, benetan direna esaten dute: kapitalaren babesleak instituzioetan», adierazi zuen ezker abertzaleak.
Sozietateen gaineko Zergaren murrizketa dela-eta, politika fiskalaren «sustraizko aldaketa» beharrezkoa dela uste du alderdi politikoak, baita enpresek duten «tratu pribilegiatuari amaiera ematea» ere.
Elkartasuna eta justizia fiskala ardatz dituen «politika fiskal progresista eta birbanatzailearen premia» hain nabaria den honetan, demokrazia itxurako Batzar Orokorretan datorren asteartean gai honen gainean eztabaidatu eta erabakiko duten bitartean, «72.000 gipuzkoarrek ez dute ez boz, ez boto eskubiderik izango», nabarmendu zuten.
Ezker abertzaleak aipatzen duenez, «25en Europar Batasunean Sozietateen gaineko Zergaren diru-biltzea Barne Produktu Gordinaren %2,6 da. Gipuzkoan biltzen dena, aldiz, %2,2ra baino ez da iristen».
PFEZren bidez biltzen den diruaren lau bostenak lanaren errentaren bidez lortzen da. «Beraz, gipuzkoar langileok gehien ordaindu, eta gero eta zerbitzu publiko urriagoak jasotzen dugu».