Emakumeen liga
Aro berriari ezin hobeto ekin diote bidasoatarrek, Galizia aldean irabazita
CELTA VIGO 65
HONDARRIBIA-IRUN 71
GARA | VIGO
Azkenaldian pairatu behar izan dituzten miserien ondoren, jokatze hutsa garaipen handi bat zen, berez, baina modu ezin hobean eman zioten hasiera Hondarribia-Iruneko neskek beren aro berriari, printzipioz eurak baino askoz ere talde hobea behar lukeen Vigoko Celtaren etxean 65-71 irabazita.
Taldea, korrika eta presaka, azken unean antolatu zuten arren, sekulako gogoa erakutsi zuten Joan Albert Cuadraten neskek euren estreinaldian eta, Stacey Lovelaceren eta Helen Luzen lan bikainari esker -bien artean taldearen 71 puntutik 41 lortu zuten-, ezustekoa eman ahal izan zuten Galizia aldean.
Bi hiruko saskiratzeei esker 0-6 irabazten hasi ziren arren, bidasoatarren errebotean izandako zuloak (13 huts lehen zatian) etxeko taldeari abantaila eman zion lehen laurdenean. Akats hori zuzendu, eta gipuzkoarrek gora egin zuten markagailuan, batez ere Luz eta Lovelace jokalariek kanpotik izan zuten egun emankorragatik eta aldeari eusteko gai izan ziren amaieran.