Ilusioz beteriko bi talde berritu aurrez aurre Vistalegren
GARA | BILBO
Bilbao Basket-ek gogor ekin beharko dio denboraldiari Estudiantesen aurka garaipena lortzeko (12,30, ETB1)
Marcelinho Huertas gabe, baina gogoz beteriko taldearekin hasiko du denboraldia IBB-k. Salva Guardiak, Seibutisek eta Blumsek gaur izango dute zertarako gai diren erakusteko aukera bikaina.
Aurrean, ordea, ACB ligako talde historikoetako bat izango dute. Pasa den urtean ozta-ozta maila jaitsiera ekidin ostean, berriro ere liga lasaitasunez aurrera eramatea du helburu Luis Casimiroren talde berrituak. Hemen ere aurpegi berri asko dago; talde izaera berreskuratuko duten aurpegiak alegia. Hala nola, Samo Udrih, V. Cummings eta Tom Wideman. Eta ezin ahaztu Estudiantesen harrobitik ateratako Jayson Granger gaztea.
Txus Vidorretak argi ibiltzeko eskatuko die jokalariei. «Hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, akats asko egiten dira hasieran» abisatu du Indautxuko prestatzaileak. «Baloia ongi mugitzea eta bloke moduan jokatzeak partidua erraztuko digu» gaineratu du.
Talde bakoitzak baja banarekin ekingo dio partiduari. Estudiantesen Martin Rancikek ez du jokatuko, eta IBB-en Savovicen baja izango da.