Tauk faboritoen trena ez galtzea du helburu
GARA | GASTEIZ
Denboraldi-aurre arrakastatsuaren ostean Baskoniak Menorcan ekingo dio 2008-2009 ligari (12.30). Superkopan erakutsitako joko mailarekin jarraitzea -eta ahal bada hobetzea- da gasteiztarren helburu nagusia.
«Lana eta lana». Horixe omen da emaitza onak lortzeko bide bakarra Dusko Ivanovic, Baskoniaren entrenatzailearen iritziz. «Ondo egindako lanak beti ekartzen ditu emaitzak», esan zuen. Baina badirudi gaur nahi baino lan gehiago egingo dutela batzuk, Spliterrek ziurrenik ez baitu jokatuko.
Menorcak, bestalde, inbertsio esanguratsua eginez kalitatezko jokalariak fitxatu ditu. Behingoz talde gogorra eratu, eta ACB ligan lasai ibiltzeko helburua dute balearrek. Taldeak jokalari guztiekin ekingo dio denboraldiari. Halere, faboritoaren papera Baskoniari jarri dio Ricard Casas-ek, baina adi ibiliz gero, irabazteko aukerak izango dituztela aipatu du.