Ezker olatua Bilbon, aparrik gabe baina olatu
Ez dago esaterik nork deiturik bildu diren Bilbon izan garenok. Deitzaileen zein parte hartzaileen osasuna legoke bestela jokoan. Agertuak mugimendua badira, olatuaren neurrikoa. Horixe izan baita Bilbokoa. Ezker-olatuaren itzulera. Ni neu, epaile jaun/anderea, kronista etorria naiz.
Edorta JIMENEZ
Osasuna? Glukosaren gorabeherei aurre egiteko egunero ordu erdi eta ordubete arteko tartea oinez egitea da gomendaturik dagoena. Manifaren buruak berrogeita bost minutu behar izan ditu. Bizkor abiatu da, hurrengo ariketa non egin behar izango duten, zein kartzelatako patioan, zalantzan legez. Horixe izan baita manifa buruan joatea. Norberaren burua jo-mugan ipintzea. Pankartarekin joan direnetako batzuek orduak ez, urteak dituzte horrelako patioetan eginak. Oraingoz osasun arazorik ez duten umeak ere ugari, batzuk sehasketan oraindino, beste batzuk aitaren indarraz baliaturik arre-lepo. Horixe da manifa legeztatuek dutena. Gurpildun aulkietakoak ere etortzen direla.
Ni neu, trenez etorri naiz Bilbora, Mundakan olatuen aparretan irrist eginez munduko txapela nork jantzi behar duen aurreko egunean erabakita utzi dutelarik. Horiek, apar gaineko hegalariek, ez dute glukosaren horri aurre egiteko arazorik. Nik bai. Bada, Bilbora oinezko olatuaren esperantzan etorri naiz. Eta bai, izan da olatua. Aparrik gabekoa izan bada ere. Aparrik agertu ez izanaren arrazoia bistakoa da. Madrilen olatuari aparra kentzen ahalegintzen dira, horrelakorik gabe olaturik ez dagoelakoan. Ba, ez. Ezker-olatua Bilboko kaleetan izan da. Eta Nafarroako banderak nagusi. Hala eta ere, beldur naiz olatuaren buruan agertu direnek ez ote dituzten apartzat hartuko. Horrela balitz, edo baledi, kartzelara.
Kartzelatik irten berri edo, urtebetetik gorako patio orduetan zer egin duen ez dakidan Arnaldo Otegi agertu da manifan. Eta, bera, kazetarien kamera eta argazkietarako gai. Ez dut esango, inondik ere, Arnaldo aparra denik. Haatik, fokuak horri zuzentzea, zer da? Otxandioko harako jakintsu hark zioena, zera, batzuek esnea aztertzeko orduan bitsari diotela garrantzia ematen. Eta esnea ez da bitsa, ezta ere olatua aparra.
Egia esan, oraingo honetan manifaren burua zelan atondu den egin zait deigarri. Bost eta erdietan Autonomia kalea bera huts-hutsik eta hegalak bete-bete-beterik izan dira. Eta burua? Autonomia eta Sabino Arana kaleek elkar zauritzen duten gunean ordu-orduan agertu dira. Horrez gero dena joan da bizkor. Baina, hara, Aita Donostiak plaza hoberik mereziko luke Bilbon. Eta, arren, hobe manifak alderantzizko bidean egitea. Autonomia eta Sabino Aranaren arteko gurutzaketa erreal, benetako, egiazko, hori eta gehiago bihurturik dugun gune horrexetaraino. Edo, bestela, Zabalburu plaza baino pittin bat beherago. Abando tren-geltokiko horma nagusira, Indalecio Prieto izena ageri-agerian idatzita duen horrexetara. Iraganaz gogoratzen segitzeko, noiz-eta Patxi Lopez euskaraz lehenengoz aditu dudan egunaren biharamunean. Hobeto pentsatuta, ostera, Zabalburun bertan amaitu ahal zatekeen, eta guztiok hantxe geratu, G-G gunearen bila laster batean abiatzeko. Gernikatik Gasteizera egin nahi duten giza-katean parte-hartzaileak beharko dira eta. Mundakako itsasadarrean hasita EAEren hiribururaino iristea nahi duten horrek behar duen oldea biltzea ez baita lan erraza izango. Noski, hemengo olatua ez da beste horretara bilduko, azken finean manifa honen norabide logikoa, G letra handiz idazten duen epailearen aburuz, San Mames futbol-estadioa behar lukeenez gero. Horrela urriaren lauko honetan Bilbora bildu den olatuari neurria hartuko ziokeen. Eta amaiturik, betiko, ezker olatua.