Top 14
Unerik egokienean heldu da urteko partidarik onena
Zuri-gorriek norgehiagoka bikaina egin zuten, baina lehen zatian asko kostatu zitzaien kanpotarrak gainditzea. Bigarrengoan, gauzak askoz errazago joan ziren, eta Agilerakoek sei entsegu egin zituzten.
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek azken asteotan sortu diren mamu guztiak baztertu zituen atzo Montpellierren aurka. Frantziarra, aurten zuri-gorrien aurka neurtu diren taldeetan, kaskarrenetakoa izango zen, baina Olympiqueko mutilek ere atzo egin zuten orain arteko norgehiagokarik onena, eta azkenean astindu ederra eman zioten Montpellierri.
Lapurtarrek sei entsegu egin zituzten, eta horrek dena esaten du. Lehen minututik azkenekora askoz ere hobeto jokatu baitzuten. Etxekoek dena ongi egin zuten. Erasoan, orain arte, edo hobeto esan da, azkeneko bi urte hauetan egin ez dutena egin zuten, eta amaieran fruituak ere jaso zituzten, sei entsegu eginda. Atzean ere ez zuten hutsik egin, ez zioten aurkariei aukerarik eman, eta amaieran zigor-kolpe bat bakarrik jaso zuten. Taldeak lan bikaina egin zuen.
Horretaz gain, uztartzeetan ere beti gainetik aritu ziren, eta eskasetan ere aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman. Lehen minututik ekin zion egurra emateari. Entrenatzaileen jarraipena ere kolokan jartzen hasiak ziren zaletuak, izan ere azkeneko bi partidak galdu egin baitzituzten, eta emandako itxura ere kaskarra izan baitzen.
Zelaian nagusi izan arren, tartea irekitzea asko kostatu zitzaion talde lapurtarrari. Lehen zatian kanpotarrak erasoan ezer egin ez bazuten ere, atzean talde osoak lan handia egin zuen, eta Biarritzek ere bere nagusitasunari ez zion nahi bezainbesteko etekinik atera, 10-0ko emaitzarekin joan ziren-eta aldagelara.
Bigarrenean ere etxekoek ez zuten ezer aldatu. Erritmo handiarekin jarraitu zuten, eta berehala heldu zen lehen entsegua. Hortik aurrera dena erraz joan zen, Montpellierrek behera egin baitzuen, eta Biarritzek ez zuen barkatu. Amaieran bost puntu batu zituen etxeko taldeak.