GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

Iurbentia Bilbao Basketen garaipena ACB Ligako aurreneko jardunaldian

Iazko lepo beretik burua, laugarren zatiko sufrimenduaren gainetik

Txus Vidorretaren taldeak hogei minutu bikain jokatu zituen eta, ondorioz, 50-67 aurreratu zen laugarren laurdenaren hasieran. Estudiantes puntu bakarrera hurbildu bazen ere, Lewisek eta Vazquezek berretsi zuten bilbotarren aurtengo aurreneko garaipena.

p040_f01_148x196.jpg

MTT ESTUDIANTES 71

BILBAO BASKET 76

Arnaitz GORRITI | BILBO

Aurten ere iazko denboraldiko lepo beretik darama burua Iurbentia Bilbao Basketek. Defentsa gogorra eta kanpoko jaurtiketek garaipen bikaina eman zioten Txus Vidorretaren taldeari, nortasun eta kalitate handidun MMT Estudiantesen aurka. Azken laurdeneko sufrimenduak merezi izan zuen azkenik.

Hirugarren laurdena 50-67 amaitu zuten. Blums eta Seibutisen eskutik, 18-28ko partziala lortu berri zuen Vidorretaren taldeak eta, ondorioz, bazirudien jada patrikan zutela aurreneko garaipena. Alabaina, MMT Estudiantesek ez zuen etsi. Defentsa ikaragarri gogortu zuen taldeak -behar baino gehiago, apika- eta erasoan, Granger, Suarez eta Widemanen eskutik, 20-4ko partziala lortu zuten: 70-71 bi minuturen faltan.

Orduan esnatu zen Txus Vidorretaren taldea. Laugarren laurdenean erdi erotuta jokatu arren, Lewis eta Vazquezek burua hotz mantendu zuten bost puntu saskiratzeko. Bestetik, Casimiroren gizonek jaurtiketa libreen marratik hutsegite larregi egin zituzten. Ondorioz, izerdia latz bota ostean, 71-76 irabaztea erdietsi zuten bilbotarrek.

Hogei minutu bikainak

Gorabehera ugari izan zituen atzoko neurketak, eta talde biek erakutsi zituzten bertuterik handienak eta akatsik larrienak. Estudiantesek lehen eta azken zatiak eraman bazituen, erdiko bi laurdenetan joko bikaina egin zuen. Han lortutako abantailak eman zion garaipena bermatzeko aukera, eta 2008/09 denboraldiak Bilbora emaitza onak ekar ditzakeelako itxaropena.

Bilbao Basketen joko bolada Banic eta Guardiaren bidez iritsi zen. Defentsan oso gogor ekin zioten pibot biek, eta erasoan kroaziarrak erakutsi zuen garaipenerako bidea, lehenengo laurdena 16-14 atzetik amaitu ostean. Banicen lanari, Lewis eta Salgado beteranoen eta Blums iritsi berriaren eskumutur finak lotu zitzaizkion. Lewisen lapurreta batek atsedenaldirako 32-39 emaitza utzi zuen.

Hirugarren laurdenean bilbotarrek, Blumsen eskutik -lau hiruko lortu zituen ia jarraian-, partida mila puskatan hautsi zuten. Estudiantesek, aldiz, ez zuen saskiratzeko aukerarik aurkitzen, bizkaitarren barruko jokoak Wideman eta Junyent erabat geratzea lortu baitzuen.

Partidak hautsita zirudien, baina denboraldi hasierak irregulartasuna dakar, eta irregulartasunari urduritasuna gehitu zitzaion. Zorionez, garaiz azaleratu zen Lewisen eta Vazquezen esperientzia.

Vidorreta: «Hogei minutu maila oso altuan jokatu ditugu»

Zizpuruka. Denbora dezente zain egon behar izan zuten kazetariek Txus Vidorretaren balorazioa entzun arte. Antza, Indautxuko entrenatzaileak arnasa hartu eta garaipena ospatzeko erabili zituen prentsa aretora joan aurreko minutuak. Hala, lasaitu ederra aldean zuela, zizpuruka ekin zion bizkaitarren teknikariak partida osteko azalpenak emateari.

«Talde biok merezi izan dugu garaipena. Guk ongi jokatu dugu azken laurdeneko geldialdiraino», laburtu zuen Indautxukoak kantxan jazotakoa.

«Duda-mudatan ekin diogu aurreneko laurdenari eta abantaila hartzen utzi diogu Estudiantesi, bonusean berehala sartu baikara. Gero, Blums kantxaratu ostean, hogei minutu bikain jokatu ditugu, maila oso altuan, egia esan. Oso harro nago jokalariek une horietan erakutsi duten jokoaz».

«Hirugarren laurdenean ia ez dugu hutsik egin, baina azken zatian gure gabeziak atera dira. Gainera, hainbat erasotan ez gara gai izan ezta saskira jaurtitzeko ere; erasoko faltak, urratsak... hanka-sartze gehiegi. Estudiantesek, berriz, nortasuna erakutsiz puntu bakar batera hurbildu zaigu. Zorionez, Lewisen eta Vazquezen puntuek neurketa gure alde jarri dute», adierazi zuen.

Debuta egin zuten Seibutis, Guardia eta Blumsi buruz hitz onak izan zituen bilbotarrak, Blums letoniarrari buruz batik bat. «Blums eta Guardia kantxan zirela gauzatu da ihesaldia. Ronnie Seibutis gaizki hasi den arren, minutu onak ere izan ditu. Baina batez ere, Janis Blumsek benetako killer bat dela erakutsi du hirukoekin», esan zuen Vidorretak.

A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo