ESKALADA | Munduko Kopa
Patxi Usobiagaren emaitza gazi-gozoak
Eskalatzaile eibartarrak zailtasun handiko makina bat bide bistaz kateatu ditu. Lehiaketetan, berriz, balio handiko garaipen eta akats bina izan ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Eskalatzaile eibartarrak zailtasun handiko makina bat bide bistaz kateatu ditu. Lehiaketetan, berriz, balio handiko garaipen eta akats bina izan ditu
Patxi Usobiagak emaitza ikaragarrietara ohituta gauzka. Eta horrek batzuetan tranpatxo batean erortzeko arriskua dakar. Bai, badirudi Usobiagak bai arrokan, bai lehiaketetan lortzen dituen «sariek» handiak baino handiagoak behar dutela izan. Jakina, hori guztia lortzeko gaitasuna badu, eta askotan erakutsi du, baina erakusten ari den mailari eustea eta hori gainditzea ez da batere erraza.
Eibartarrarentzat atzean utzi berri dugun uda eta udazken hasiera ez dira guztiz borobilak izan. Espero ez genuen talka izan du: emaitza ikaragarri onak eta pare bat akats, batez ere lehiaketetan. Jakin badakigu eskalatzailearen denboraldiaren prestakuntza nazioarteko probetan dena emateko oinarrituta dagoela, eta eite horrek, hein handi batean, arrokan egin beharreko lana baldintzatzen du. Uda oparoa nahi zuen Usobiagak, eta aldez aurretik eginiko lanak oso emaitza onak ekarri dizkio. Sasoi betean irailerako egotea zuen helburu, besteak beste, hil honetan lehiaketa asko eta oso garrantzitsuak zituelako. Alabaina, uztailerako erakutsi zuen sasoiko zegoela.
Arrokan, adibidez, jo eta su jardun du; batez ere, bistaz. Gogora dezagun Patxilin dela estilo horretan 8c+ («Bizi euskaraz», «Etxauri») duen munduko eskalatzaile bakarra. Bada, uztailean zailtasun horretatik gertu ibili da; ia-ia laztandu egin du. Frantziako Pierrot Beach eskolan, adibidez, «Home Sweet Home» bidea bistaz sinatu zuen. Marra hori berez 8c+ gradukoa zen, baina Usobiagak uste du 8c/c+ dela. Eskola horretatik atera gabe, «Erresistence» (8b+ gogorra) bistaz, eta «Nice to eat» (9a bigarren saioan) poltsikoratu zituen.
Suitzan, bestalde, Urneseko eskolan, «Omerta» (8c) egin eta eskalatzaileak bistaz kateatutako laugarren 8c zailtasuneko bidea bete zuen. Eta azkenik etxean aipatu beharreko beste bi eskalada dakarzkizuegu; biak ala biak bistaz eskalatutakoak. Dimako Baltzolan «Nuska» egin zuen. Bide horrek berez 8c+ zailtasuna du, baina eibartarraren iritziz, 8c erraza da. Eta Benta Barri sektorean Iñaki Marcok sortutako «Iturburuko jostaria» (8b+) jan egin zuen.
Arco eta Bernan irabazle
Arrokan egindakoaz gustura egoteko arrazoi bat baino gehiago badu Usobiagak, baina lehiaketan, zoritxarrez, beste aurpegi bat erakutsi du. Munduko Kopako bigarren probarekin, Chamonixen jokatutakoarekin hasi zuen udako nazioarteko zirkuitua. Uztaila zen. Nahiz eta hitzordu frantziar horretan oso emaitza onak izan dituen, ez zen batere fin ibili, eta azkenean hamahirugarren postuan geratu zen. «Akats» txiki horretaz askatzeko, Serre-Chevalierreko Masterrera (Frantzia) aurkeztu zen, eta aitortu behar da oso maila ona eman zuela. Izan ere, podiumeko bigarrena izan zen.
Abuztuan, berriz, arrokan eskalatzeaz gain, gogor jardun zuen irailak ekarriko zuen egutegi beterako: Arcoko Masterra (Italia) eta Munduko Kopako hiru proba. Lehenik eta behin, Italiako proba jokatu zuen, eta nola gainera. Lehiaketa bi egunetan egiten dute. Lehenbizikoan bistaz eskalatzen da, eta Usobiaga izan zen metro gehien igo zuen eskalatzailea. Horrela, lider jarri zen. Bigarren egunean, landutako bidean, ez zuen hutsik egin, eta Ramon Julianekin batera bidea kateatu zuen. Bi egunetan lortutako puntuei esker, eibartarrak Arcoko garaipena eskuratu zen: «Oso lehiaketa garrantzitsua da, maila handikoa. Nire zerrendan gaineratuta nuen; izan ere, hitzordu hori oraindik irabazi gabe neukan. Azkenean, helburua lortu dut. Beste urte batzuetan Arcora oso justu iritsi naiz, baina aurten haren bila joan, ondo prestatu, eta irabazi egin dut».
Arcotik atera gabe, eskalatzaileak beste proba batean parte hartzeko aukera izan zuen: lehen lau sailkatuen arteko norgehiagoka. Eta horretan Ramonet katalana izan zen onena, eta Usobiaga bigarrena. Gogora dezagun ere aurtengo eskaladako «Oscarretan» edo «Legends» sarietan (bai arrokan bai lehiaketan) euskal ordezkariaren izena azaltzen zela, baina, iaz ez bezala (arrokako saria jaso zuen) ekitaldi honetan ez da protagonista izan.
Arcoko garaipenaren ostean, Usobiaga motibazioz blai aurkeztu zen Munduko Kopako hirugarren probara, Bernan (Suitza). Oso lehia estua izan zen, ia-ia makina bat berdinketa izan zen, baina Patxilinek plus bat atera, eta lehen postua lortu zuen; aurtengo Munduko Kopako lehen garaipena erdietsi du. Hurrengo bi probetan, berriz, ez zuen bere benetako maila eman. Imsten (Austrian) finaletik kanpo geratu, eta 22. izan zen. Eta iraileko azkenean, Belgikako Puurs hiriko hitzorduan, finalera sartu bai, baina zortzigarren geratu zen.