GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

KIROL ESKALADA | Arroka

Ekaitz Maiz, «Sistematik ihes» egiten

Eskalatzaileak berak Aizpunen ireki eta ekipatutako indar-erresistentziazko bidearentzat 9a proposatu du. Etxauriarraren zailtasun horretako bigarren marra da.

p052_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ez gaitu batere harritzen Ekaitz Maiz sistematik ihesi ibiltzea. Hori askok eta askok argi dugu. Eskaladari dagokionez, bederen, beste parametro batzuetan murgiltzen da. Eskalatzaile ia gehienek ez bezala, etxauriarrak ekipatu egiten du, eta hori ez da batere ohikoa. Zailtasuna du helburu, baina, haatik, zenbaki estratosferikoek ez dute itsutzen. Eta hori ere ez da ohikoa. Maila goren horretan jarduten badu ere, ez da profesionala eta, gainera, ez du horrekin amets egiten. Eta, jakina, hori ere ez da batere ohikoa. Eta horretaz guztiaz gain, lasai asko esan genezake gaizkile ez, baina bihurri samarra badela Maiz. Horrela bada, nafarra sistematik ihes egitea normaltzat jotzen dugu.

Eta hain zuzen ere, «Sistematik ihes» bidea (Aizpun) izan da eskalatzailearen azken kateatze adierazgarria. Besteak beste, Lezaian eta Etxaurin makina bat marra ireki ondoren, badirudi Aizpunen (Nafarroako eskolak «gotorleku» du) beste altxor bat aurkitu duela: «Aizpun sabai handi bat da; ez du zerikusirik Lezaiarekin, eta are gutxiago Etxauriko eskaladarekin. Ikusi nuen lehen alditik erakarri ninduen. Oso estilo berezia du: indarra eta teknika neurri berean uztartzen ditu. Helduleku asko ditu, txikiak asko, baina orpo zein belaunaren teknika era egoki batean erabilita, mugimenduak egiten uzten dizu. Oso gustuko dut estilo hori».

Duela urte batzuk, zulagailua eskuetan, obra ezberdinei forma eman eta haiek askatzen hasi zen. Bide bat, beste bat... baten batzuk poltsikoan zituen. Horien artean, gainera, orain arteko gogorrenak: «Ergeltasunaren pandemia» eta «Pistolaren mintzoa». Biak ala biak 8c+ gradukoak eta lehen igoerak: «`Sistematik ihes' ginga bat izatea baino gehiago, beste aro batekin lotuko nuke. Orain beste marra gogor bat zabaltzen ari naiz, probatzeko desiratzen naiz izugarri erakartzen nauelako. Eskaladak, lagunekin une politak igarotzeaz gain, alderdi aberasgarri hori dauka».

25 metroko sabaia

2005 sortu zuen «Sistematik ihes», baina, proiektuek eskatzen duten lasaitasunarengatik, aurten hasi da probatzen. Beste helburu gogor batzuk bezala, une aproposaren zain egon da, eta itxaronaldia ondo baino hobeto probestu du.

Ederki jakin izan du noiz ekin eta azkenean, estetika handiko bide bat sortzeaz gain, 9a zailtasuneko proposamena atera zaio: «Bide bat zabaldu eta probatu arte ez dakizu zehatz-mehatz zer zailtasun maila izango duen. Marra bikaina da, berdin zitzaidan haren gradua. Bide guztiek behar dute bere prozesua, eta honek lan handia eskatu dit: 25 metroko sabaia prestatzea, mugimenduak askatzea eta kateatzea. Zabaldu eta kateatu arteko prozesu horrekin pozik nago; plater goxo bat prestatu eta jaten duzun arteko prozesua bezalakoa da. Aitortu behar dizut `Sistematik ihes' ez nuela probatu zailtasunarengatik, baizik eta dituen mugimenduengatik eta duen estetikarengatik. 9a atera da: bikain! Sika batzuk ditu; ez nago harro, baina uste dut merezi zuela. Horiek gabe uste dut ezingo litzatekeela kateatu».

Etxauriarrak irailaren 13ean lortu zuen bere saria. Aurretik 25 metroko sabai handi bat zuen. Bidearen ezaugarria, berriz, indar-erresistentzia eskatzen duena. Hasteko, blokeko 7b-ko pauso bat. Erraz gainditu ostean, Maiz atseden batera iritsi eta aurretik dituen atsedenik gabeko 10-15 metro (hasierakoaren zailtasun pareko pauso ugari) igotzen ditu. Tarte hori igaroz, atsedenerako helduleku on batera iristen da (kontuan hartu sabai batean eskalatzen ari dela). Hortik aurrera, berriz, benetako buruhaustea. Bigarren zati hori, 8-10 metro, pauso dinamikoz josita dago eta den-denak erregeletetatik tira egin beharrekoak. Sabaiaren irteera du aurretik, eta bide osoaren gakoa da. Alboan dituen hatz erdiko bi erregeletatik pauso dinamiko bat egin, helduleku atseginagoak dituen beste txapa bat atzean uzten du eta soka katetik pasa egiten du.

«Sistematik ihes» Maizen poltsikoan da dagoeneko. Arestian aipatu ditugun bi 8c+ graduko bideekin alderatuta, nafarrak uste du 9a dela; hori proposatzen du bederen. Azken kateatze horri esker, eskalatzaileak 9ko zailtasuneko bi bide sinatu ditu. Lehena, «Begi puntuan» (Etxauri); bigarrena, berriz, «Sistematik ihes» (Aizpun). Biak ala biak Nafarroan, biak ala biak bere obrak: «Bi marra horietan izaniko eskarmentuak ezberdin bizi izan ditut. `Begi puntuan' beste eskalatzaile batzuek kateatu zuten aurretik, eta 9a zela baieztatu ere. Nolabaiteko muga psikologikoa gainditu behar nuen. `Sistematik ihes' bidearen kasuan ni izan naiz lehen kateatzailea eta ez nekien zehazki zer zailtasun zuen. Ondo hausnartu ondoren, 9a proposatu dut. Gorkak (Karapeto) ere saio batzuk egin ditu, eta nire iritzikoa da».

Maizek berriro sistematik ihes egin digu, heldutasunari esker aurreiritzi asko apurtzen ari da, topikoak birrintzeko gaitasuna du eta eskaladaren politika zuzenari «stop» esan dio: «Zailtasun eskaladan benetan gozatzen dut, eta nahi dudalako praktikatzen dut. Urte hasieran ez nengoen batere motibatuta eskaladarekin; bizikletan asko ibili naiz. Askea naiz, eta profesionaltasunak ziur aski askatasun hori kenduko lidake. Dirua izateko egiten dut lan, eskalada zaletasuna dut, pasioa, eta profesional izango banintz parametro horiek guztiak apurtu beharko nituzke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo