Lolo Ricoren hitzetan, telebistan oraindik ez dago askatasunik
Lolo Rico, «La bola de cristal» telebista saioko zuzendariak telebistaren aurka orain arte bezala borrokatzen jarraituko duela esan badu ere, bere bizitzako unerik zoragarrienak zentsuratua izan zen saio horretan igaro omen zituen. Donostian, bere oroitzapenak biltzen dituen liburuaren aurkezpenean, pairatu duen askatasun ezaz ere mintzatu zen.Odeia AIESTARAN | DONOSTIA
Lolo Rico Madrilen jaio zen 1936an, eta frankismoaren aurka borrokatu zuen emakumea izan zen; politikagatik bere familiarekin ere harreman zailak izan zituen emakumeak. Euskal Herriarekin lotura estua izan du beti, eta duela lau urte hona etorri zen bizitzera.
Askatasun egarria izan du; bere ideiei inoiz uko ez egitearren, diktaduraren ondorioz bakardadea ere sentitu du. Argitaratu berri duen oroitzapen liburuan sentimenduz betetako istorioak kontatzen ditu; bere haurtzarotik «La bola de cristal» (TVE) saioa aurkezten zuen garaira artekoak. Donostian aurkeztu zuen pasa den astean bere azken liburua: «¿Cómo es posible que el tiempo pase tan deprisa y no me dé cuenta?».
Ricok adierazi zuenez, momentu hau beretzat hartua du eta ez du ez politikaz eta ez telebistaz ere hitz egin nahi, ondoren, seguruenik egingo badu ere. Baina ezin du irribarrea ezkutatu bi belaunaldik bere egin zuten telebista saioa aipatzean, eta, besteak beste, la Bruja Averia, la Bruja Truca, Maese Camara eta Maese Sonoro. Telebistak une gorenetako bat bizi izan zuen unea zen hura, «askatasun pixka bat» zuenekoa, Ricoren hitzetan. Orain, berriz, askatasunik gabe bizi da telebista «enpresari eta goi kargudun jendearen» mesedetan.
Lehen emakume zuzendaria izan zen, garai hartarako aurrerakoia. Gizonezkoen munduan ateak ireki zituen eta bere ideiekin orduko telebistan nolabaiteko iraultza egin zuen. Ozen oihukatzen zuen kapitalismoaren aurka eta saioan nabaria zen joera hori. Denbora aurrera zihoan; «La bola de cristal» eta Lolo Ricoren arrakasta, gorantz.
Argitik itzalera
Momentu eder horiek, ordea, lau urteren buruan bukatu ziren; 1988an saioa betirako bukatu zen, Ricok argi eta garbi azaldu zuenez, «zentsuratu» egin zuten berak zuzendu zuen irakaskuntza pribatuari buruzko zatia. Ondorioz, dimisioa aurkeztu zuen, eta nolabait itzalpera salto egin zuen. «Hala nahi izan zutelako egin zuten hori», aipatu zuen Ricok eta antzeko saio bat ere ez dutela egin nahi izan gaineratu zuen. Momentu hura, beraz, ez duela xamurtasunez gogoratzen esan zuen.
Hala ere, hogei urte pasa diren honetan, jendearen adeitasuna ikaragarri eskertzen du. «Harrigarria da gaur egun ere kalean gelditu eta nola ezagutzen nauten». Batek baino gehiagok «Ni ere ezkerrekoa naiz!» oihukatu diola ere aipatu zuen eta halakoetan zirrara handia nabaritzen duela azpimarratu zuen; «sekula ahaztuko ez ditudan uneak dira». Ricok aurreratu zuenez, musikal politiko bat egiteko proiektua du esku artean; baita beste liburu bat ere; azken hogei urteotako ibilbidea jasoko lukeena, hain zuzen ere. Bi urte gaixorik igaro ondoren, bolada ederra bizitzen ari dela dio. Euskal Herrirako ere izan zituen laudorioak, Donostia asko maite duela esanez, asko zor diola eta telebista saioan sumatzen zituen sentimendu berak dituela azaldu zuen: «ederrak». Urte hauek, beraz, oraindik ziur ez dakien arren, «Mis años en Donostia» izenburua izango duen liburu batean bilduko ditu agian. «Konparazioak balio badu, Donostiako urte hauek, beste `Bola de Cristal' bat» izateko desioa eskatu zuen Ricok.
Izenburua: «¿Cómo es posible que el tiempo pase tan deprisa y yo no me dé cuenta?». Egilea: Lolo Rico.
Argitaletxea: Plaza & Janes.
Orrialdeak: 368.
Salneurria: 17,90 euro.