MOTORRAK
Txapela Di Megliorentzat, Simoncellik beste urrats bat eman zuen egunean
GARA | LEKUA
Litro erdiko txapelaren jabea ezagutzea besterik ez da falta motorren Munduko Txapelketan, Mike Di Meggliok 125 zentimetro kubikokoa atzo eskuratu ondoren, eta Valentino Rossik berea ospatzen jarraitzen duen bitartean.
Eta, egia esateko, azken zilindrada horrek gero eta suspense gutxiago dauka, Txapelketaren liderrak, Marco Simoncellik, Australiako Sari Nagusia irabazi baitzuen, sailkapenean duen abantaila 37 puntutaraino handituz, egutegia amaitzeko bi sari besterik falta ez direnean.
Azken proba horietan falta daitekeen emozioa, atzokoan behintzat, ez zen falta izan, Simoncelliren aurkari nagusiak ez baitzuen amore eman azken itzulira arte. Alvaro Bautistak sekulako ikuskizuna eskaini zuen Gilerakoarekin batera, lasterketa buruan txandakatuz 25 itzulietan zehar. Baina, azkenean, espainolak garaipena ia ukitzen zuela, Simoncellik aurrea hartu zion, sari nagusia eskuratuz eta txapeletik gertu-gertu kokatuz.
Italiakoari falta zaion urratsa, Mike Di Megliok eman zuen litro laurdenekoan, eta garaipen bikoitza ospatu: lasterketa irabazi zuen eta, lortutako puntuek, Txapelketa bera eman zioten, bere garaipena mehatxatu zezakeen gizon bakarrak, Simone Corsik, bederatzigarren postuan amaitu baitzuen.
Ondo aritu zen, bestetik, Efren Vazquez. Entrenamenduetan asko sufritu ondoren -mekanikoek bere Apriliaren arazoa aurkitu eta konpondu zuten lasterketa hasi aurretik-, bizkaitarrak oso atzeratuta ekin zion lehiaketari, 26. postuan irtenez, eta bere irteera ere ez zen batere ona izan. Baina berehala erreakzionatu zuen eta, itzuli onak egiten hasiz eta ondoren hainbat piloturekin sekulako borroka izanez, hamaikagarren postuan amaitzea lortu zuen.
Stoner nagusi etxean
Bestetik, etxekoentzat Moto GP lehian heldu zen poza, Casey Stoner azkarrena izan baitzen Phillip Islandeko zirkuituan, eta Txapelketaren bigarren postua ia ziurtatuta utzi zuen, Jorge Lorenzo 36 puntura baitago orain.
Australiarraren nagusitasuna ikusgarria izan arren, lasterketaren protagonista, ia beti bezala, Valentino Rossi izan zen. Entrenamenduetan hamabigarren denbora besterik lortu ez zuela-eta, Munduko txapelduna laugarren lerrotik irten bazen ere, lasterketa ikusgarri bati esker, podiumeko bigarren lekuan amaitu zuen eguna, Nicky Hayden azken biran gainditu ondoren.