GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA | Nafarroako finala

Nazabalek lan erdietatik aurrera erabaki du txapelketa

Lehen zatian Donato Larretxea gainean izan zuen, baina erditik aurrera bakar-bakarrik geratu zen

p044_f02_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin atzo Etxarri Aranatzen, eta Nafarroako txapela jantzi zuen. Ia hiru minutu kendu zizkion Larretxeari, eta amaieran erosotasun osoarekin lortu zuen garaipena.

Sekulako jendetza batu zen atzo, Etxarri Aranatzen final hau zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen, Euskal Herriko Txapelketan baino bi oinbiko gutxiago izan zituen, ohikoa den moduan.

Atzoko finalak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoa lan erdiak bitarte izan zen. Tarte horretan Larretxeak estu hartu zuen Etxarriko txapelduna. Bi aizkolariak pare samarrean aritu ziren, eta lehia ederra ikusi zitekeela ematen zuen. Lan erdietako azkeneko enborrean ere buelta lehenengo eman zuen Donatok, baina epaia itxi egin zitzaion, eta hortxe amaitu zen lehiaketa. Tarte bat atera zion Florenek, eta Nazabalek garaipenaren bideari ekin zion zuzen-zuzen. Larretxea ere berehala konturatu zen ezinezkoa zela hura harrapatzea, eta bigarren postuari eustera joan zen.

Azkeneko zati honetan, Nazabalek erraz egin zuen, eta amaieran txapela jantzi ahal izan zuen. Larretxeak ere bigarren postuari eusteko erronkan ez zuen izan aparteko arazorik, eta hortxe amaitu zuen.

Beste lehia hirugarren posturako izan zen. Saioko zatirik handienean Mindegia izan zen bigarrena, baina amaiera aldera bete egin zen. Lopezek, behetik gora egin zuen. Hasiera onik ez zuen izan, baina apurka-apurka gorantz egin zuen, eta azkeneko enborretan Ezkurrako beteranoa gainditu, eta hirugarren postuan amaitu zuen. Mindegiak, aldiz, kontrako bidea eraman zuen. Hasi, oso ongi hasi zen. Lehen zati bikaina egin zuen, baina lanak aurrera joan- ahala, beherantz egin zuen, eta amaieran laugarren postuan amaitu behar izan zuen. Antonio Senosiainek, aldiz, beti eutsi zion azkeneko postuari. Olaguekoak lehen helburua beteta zuen finalean sartzearekin, eta atzo ezinezkoa egin zitzaion aurrean sartzea.

Larretxea eta Mindegia lehian izan ziren

Donato Larretxea eta Miel Mindegia Euskal Herriko Txapelketak utzita daude. Nafarroakoa da horiek lehiaketa ofizialetan ikusteko parada bakarra, eta atzo biak izan ziren finalean. Bata bigarren izan zen, eta bestea laugarren. Biek sasoi bikainean dabiltzala erakutsi zuten.

Berriro ere jendetza handia batu zen

Badirudi oraindik askorentzat herri-kirolak hutsaren hurrengoak direla, baina garbi dago ez dabiltzala zuzen. Pasa den igandean Tolosan eta Aizarnazabalen izandako jendetzari atzokoa batu behar zaio. Etxarriko pilotalekua gainezka izan baitzen finala ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo